Itxi

EA Sports Liga

Athleticek Getafen irabaztea lortu du, bederatzi jokalarirekin geratu bada ere (0-2)

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Iñaki Williamsek bi gol sartu ditu, eta Unai Simonek hainbat geldiketa erabakigarri egin ditu, tartean penalti bat. Bigarren zatian, epaileak Yeray eta Paredes kanporatu ditu, baita Ernesto Valverde ere, eta horrek partida erabat aldatu du.

Iñaki Williams, Getaferi egindako bigarren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek 0-2 irabazi du gaur gauean Getafaren aurka Coliseum estadioan jokatu duen partida. Emaitza adierazgarria bada ere, zuri-gorriek asko sufritu dute.  Iñaki Williamsek egindako bi golekin aurreratu dira markagailuan, eta norgehiagoka kontrolpean zutenean, bigarren zatian, denetarik gertatu da: epaileak Yeray, Paredes eta Valverde kanporatu ditu, eta Unai Simonek penalti bat gelditu du.

Partida parekatua izan da hasieran, eta Athletici kostatu egin zaio aurrera egitea. Edonola ere, 27. minutuan, Iñaki Williamsek lehendabiziko gola egin du, Nico anaiaren pasea baliatuta. Area kanpotik egin du jaurtiketa eta baloia David Soriaren eskuineko zutoinaren ondotik sartu da sarera.

Madrildarrak berehala joan dira berdinketaren bila, baina Mason Greenwooden jaurtiketa alderatzeko gai izan da Unai Simon.

Bigarren zatiaren hasieran, beste geldiketa ikusgarri bat egin dio Unai Simonek Greenwoodi.  

Getafe saiatzen ari zenean iritsi da Athleticen bigarren gola, 50. minutuan. Nico Williamsek hartu du baloia zelai erdian, eta zuzenean joan da arerioaren atearen bila. Bigarren zutoinera egin du erdiraketa, eta Iñaki anaiak bakar-bakarrik egin du errematea.

Zuri-gorriek partida bideratuta zutenean, epaileak Yeray kanporatu egin du, baloia zelai erdian eskuarekin jotzeagatik. Jokaldi horrek partida baldintzatu du, eta Getafek aurrera pausoa eman du, batez ere Bordalasek Juanmi Latasa zelairatu duenetik.  

79. minutuan, baina, partida gehiago okertu da Athleticentzat, epaileak Aitor Paredes kanporatu baitu, bigarren txartel horia erakutsita.

Bi jokalari gutxiagorekin egonda, Valverderen mutilek atzera egin dute, markagailuan zeukaten abantaila defendatze aldera; madrildarrek, berriz, guztia emanda joan dira golaren bila.

Testuinguru horretan heldu da Getaferen aldeko penaltia, 87. minutuan. Raul Garciak baloia besoarekin jo du, eta epaileak penaltia adierazi du, VAReko epaileak jokaldia berrikusteko abisatu ostean. Erabakiarekin haserre, Valverdek protesta egin du eta epaileak txartel gorria atera dio.

Hala eta guztiz ere, Unai Simonek asmatu egin du Greenwoodek nora jaurti behar zuen baloia, eta penaltia gelditu du. Athleticeko atezainaren enegarren geldiketa erabakigarriak indarra eman dio talde zuri-gorriari, eta azken minutuetan ondo eutsi dio emaitzari.

Sufrituta bada ere, Valverderen taldeak garaipen garrantzitsua bereganatu du Getafen, eta, ondorioz, Txapeldunen Liga jokatzeko aukera ematen duen laugarren postua lortzeko ametsa bizirik dago.

FITXA TEKNIKOA:

0 - Getafe: David Soria; Carmona, Djené, Omar Alderete, Rico (Angileri, 74. min); Ilaix Moriba (Latasa, 59. min), Maksimovic (Aleñá, 89. min), Luis Milla, Greenwood; Óscar Rodríguez eta Mata (Jeremy Jorge, 89. min).

2 - Athletic Club: Unai Simón; De Marcos, Yeray, Paredes, Lekue; Prados, Ander Herrera (Dani García, 76. min); Berenguer (Vesga, 62. min), Unai Gómez (Jaureguizar, 76. min), Nico Williams (Raúl García, 82. min); eta Iñaki Williams (Imanol, 82. min).

Golak: 0-1: 27. min, Iñaki Williams. 0-2: 50. min, Iñaki Williams.

Epailea: Jesus Gil Manzano. Yeray eta Paredes kanporatu ditu, 58. eta 79. minutuan. Ernesto Valverde entrenatzailea ere kanporatu du 85. mintuuan.

Gertakariak: EA Sports Ligako 34. jardunaldiko partida. 12.149 ikusle izan dira Coliseum estadioan.

Bideoak (1)