36. jardunaldia
Athleticek Balaidosen galdu du, Celta aurkari (2-1), eta Txapeldunen Liga jokatzeko aukerarik gabe gelditu da
EITB MEDIA
Talde zuri-gorriak egin du partidako lehenengo gola, aurreneko zatian: Alex Berenguerrek gol olinpikoa sartu du. Bigarren zatian, baina, Celtak bi gol hiru minututan lortu ditu, eta emaitza irauli egin du. Emaitza horrek laugarren postura heltzeko aukerarik gabe utzi du Athletic.
Athleticek 2-1 galdu du Celtaren aurka, Abanca-Balaidos futbol zelaian, asteazken gauean, 2023-24 denboraldiko EA Sports Ligako 36. jardunaldian. Alex Berenguerrek, 23. minutuan, gol olinpikoa sartuta, Ernesto Valverderen taldearen gola egin du, eta Williot Swedbergek, 68. minutuan, eta Hugo Alvarezek, 71.ean, Galiziako taldeari garaipena eman dioten golak lortu dituzte. Emaitza hori zenbatuta, Athleticek 62 puntu dituela jarraitzen du, sailkapeneko bosgarren postuan, eta dagoeneko ez du aukerarik Txapeldunen Ligarako txartela ematen duen laugarren postura iristeko; izan ere, laugarren sailkatua den Atletico Madrilek, Getafen irabazita, 73 puntu ditu, Athleticek baino hamaika gehiago, aurretik bi partida gelditzen direla.
Celta-Athletic partidako laburpena (2-1)
Norgehiagokaren aurreneko minutuetan, Athletic sendo aritu da defentsan; Celta sakonago ari zen jokatzen, baina talde zuri-gorriak segituan hartu du aurkaria kontrolpean. Lehenengo 45 minutuetako jokaldi gakoa 23. minutuan izan da; Bilboko taldearen erasoko ezkerretik ateratako korner batean, Alex Berenguerrek bikain jaurti du, oso itxita, eta baloia, Ivan Villar atezaina gaindituta, beste zutoinetik sartu da. Gol ikusgarria izan da; aurretik jarri du horrek Athletic, eta atsedenaldiko 0-1eko emaitza zehaztu egin du.
Bigarren zatia oso bestelakoa izan da. Celtak, estu sailkapenean, bete-betean mailari eusteko lehian, aurrera egin du, eta segituan hartu du zelai erdia eta behartu du Athletic atzerako urratsa ematera. 68. eta 71. minutuetan, Williot Swedbergek eta Hugo Alvarezek markagailua irauli dute, bi gol ia jarraian sartuta.
Athleticen ikuspegitik, agian onena izan da Unai Simonek gertuago duela Zamora Garaikurra. Beste partida bat jokatu du murgiarrak, Julen Agirrezabalak 61. minutuan ordezkatu baitu, eta ez du golik jaso; hortaz, gero eta hurbilago du Simonek saria. Hori bereganatu zuen Athleticeko azken atezaina Jose Angel Iribar izan zen, 1970ean.
Fitxa teknikoa
2 - Celta: Ivan Villar; Manquillo, Starfelt, Carlos Dominguez; Carles Perez (Mingueza, 45. min), Damian, Beltran, Manu Sanchez (Hugo Alvarez, 33. min); Bamba (Aspas, 33. min), Larsen (Douvikas, 72. min) eta Williot Swedberg (Cervi, 77. min)
1 - Athletic: Unai Simon (Agirrezabala, 62. min); Lekue, Yeray, Paredes, Imanol; Prados (Ruiz de Galarreta, 74. min), Dani Garcia (Vesga, 74. min); Berenguer, Unai Gomez, Adu Ares (Iñaki Williams, 62. min); Villalibre (Raul Garcia, 62. min)
Golak: 0-1 Berenguer (23. min); 1-1 Williot Swedberg (68. min); 2-1 Hugo Alvarez (71. min)
Epailea: Garcia Verdura (Kataluniako Batzordea). Celtako Starfelt eta Cervi zigortu ditu, txartel horia aterata.
Gertakizunak: 21.301 zale izan dira Balaidosen.