Itxi

37. jardunaldia

Athleticek Sevilla menderatu du (2-0), Raul Garciak eta Muniainek gola sartuta, eta bosgarren amaituko du Liga

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Raul Garciak eta Iker Muniainek egin dituzte, 17. eta 19. minutuetan, talde zuri-gorriari garaipena eman dioten golak, San Mamesen Athleticeko futbolari bezala jokatu duten azken partidan. Aingeru Olabarrietak debuta egin du lehen taldearekin, eta Oscar de Marcosek berritzea iragarri du.

Iker Muniainek Athleticen bigarren gola sartu du. Argazkia: EFE.

Athleticek Sevilla hartu du mendean, 2-0, San Mamesen, 2023-24 denboraldiko EA Sports Ligako 37. jardunaldian, igande arratsaldean. Raul Garciak, 17. minutuan, eta Iker Muniainek, 19.ean, biek ala biek San Mamesen Athleticeko elastikoaz jantzita jokatu duten azken partidan, Ernesto Valverderen taldearen bi golak sartu dituzte, eta, horrenbestez, zuri-gorriek ziurtatu dute txapelketa bosgarren tokian amaituko dutela. Hainbat une hunkigarri izan dira Bilboko futbol zelaian, norgehiagoka, Athleticeko jokalarientzat zein zaleentzat: Raul Garciari eta Muniaini agur esatean, Aingeru Olabarrieta gazteak lehen taldearekin debuta egitea, eta, norgehiagoka bukatuta, Athleticek iragarri du Oscar de Marcosek 2025era arte berritu duela kontratua.

Athletic-Sevilla partidaren laburpena (2-0)


De Marcosek, eskuinaldetik, eta Nico Williamsek, beste aldetik, erdiraketa ederra bana egin dute, lehen zatiko 17. eta 19. minutuetan, eta horiek sortu dituzte Raul Garciak eta Iker Muniainek sartutako bi golak. Biak ala biak ziren partidako protagonistak, Ernesto Valverdek hasierako hamaikakoan jarri ditu, eta modurik onenean esan ahal izan diete agur San Mamesi eta Athleticeko zaleei, gol polit bana eginda. 41. minutuan, Iñaki Williamsek hirugarrena sartzeko aukera izan du, baina Nyland Sevillako atezainak geldiketa ona egin dio aurrelari zuri-gorriari.

Bigarren zatian, San Mamesek une hunkigarriak bizi izan ditu, Raul Garciak eta Muniainek berdegunea utzi dutenean. Mikel Jauregizarrek eta Asier Villalibrek ordezkatu dituzte neurketako bi golegileak. Villalibre zelairatu denean, Aingeru Olabarrieta gaztea ere irten da; arabar gazteak debuta egin du Athleticen lehen taldearekin. Jokoari dagokionez, Athleticek eta Sevillak etengabe bilatu dute beste golen bat sartzea, baina ez dute hori gauzatzerik izan.

Raul Garciak gola egin du, San Mamesen jokatu duen azken partidan. Argazkia: EFE.

Bukatzeko, nabarmentzeko modukoa da, Zamora garaikurraren lehiaren testuinguruan, Unai Simonek ez duela jokatu Athleticen; are gehiago, Ernesto Valverdek deialditik at utzi du, Julen Agirrrezabala aritu baita atepean eta Alex Padilla aulkian. Hala, murgiarrak azken jardunaldian baieztatu beharko du, Rayo Vallecanoren aurka, 2023-24 denboraldiko Zamoraren irabazlea dela. Agirrezabalak norgehiagoka bikaina egin du, Sevillaren aurka.

Neurketa amaituta, Athleticek iragarri du, San Mameseko berdegunean bertan, Oscar de Marcosek 2025era arte berritu duela Bizkaiko klubarekin; hortaz, gutxienez 2025eko ekainera arte jarraituko du De Marcosek Athleticeko jokalari bezala.

Fitxa teknikoa

2 - Athletic: Agirrezabala; De Marcos, Vivian, Yeray, Yuri; Prados, Galarreta (Herrera, 75. min); Iñaki Williams (Olabarrieta, 82. min), Muniain (Jauregizar, 63. min), Nico Williams (Berenguer, 75. min): eta Raul Garcia (Villalibre, 82. min).

0 - Sevilla: Nyland; Jesus Navas (Juanlu, 44. min), Bade, Sergio Ramos, Kike Salas, Acuña (Pedrosa, 46. min); Ocampos, Agoume, Manu Bueno (Hannibal, 84. min), Lukebakio (Mariano, 84. min); eta En-Nesyri (Veliz, 92. min).

Goles: 1-0, 17. min: Raul Garcia. 2-0, 19. min: Muniain.

Epailea: Juan Luis Pulido Santana (Las Palmaseko Batzordea). Ruiz de Galarreta (Athletic) eta Kike Salas (Sevilla) zigortu ditu, txartel horia aterata.

Gertakizunak: 44.717 zale, San Mamesen.