Itxi

Ekainaren 15-16an

Athleticen emakumezkoen taldeak San Mamesen jokatuko denboraldiko azken partida

Agentziak | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Sevilla izango dute aurkari azken jardunaldi horretan. Zuri-gorriek hirugarrenez jokatuko dute San Mamesen aurtengo denboraldian.

F Ligako azken jardunaldian ekainaren 15-16an jokatuko da. Argazkia: @AthleticClubFem

Athleticeko emakumezkoen taldeak San Mamesen emango dio amaiera 2023-2024 denboraldiari. Bilbotarrek Sevilla izango dute aurkari F Ligako 30. eta azken jardunaldian. Ekainaren 15-16ko asteburu horretan jokatuko diren neurketen ordutegiak zehaztu gabe daude oraindik.

Bitxikeri modura, David Aznarrek zuzendutako taldeak gizonezkoen taldeak San Mameseko denboraldiko azken partidan izandako aurkari bera izango dute, Sevilla. Valverderen taldea 2 eta 0 nagusitu zitzaien andaluziarrei igandean jokatutako partidan.

Ekainekoa, emakumezkoen taldeak denboraldi honetan San Mamesen jokatuko duen hirugarren partida izango da, aurretik Erreginaren Kopako bi partida jokatu ditu bertan: Madril CFFren kontrakoa (final-zortzirenetan 1-0 gailendu ziren) eta Bartzelonaren kontrakoa (0-3 galdu zuten finalerdietako joaneko partidan).

Azken partida horretarako bi jardunaldi falta dira. Bilbotarrak seigarren dira sailkapenean, bigarren itzuli bikaina eginda, eta hirugarren izateko eta Txapeldunen Ligako atarikoan sartzeko aukerak dituzte, gutxi badira ere.

Aukerak matematikoak dira gehienbat, errealak baino, 7 puntura baitute Atletico Madril, ostiral honetan Costa Adeje Teneriferen aurka jokatu behar dute Lezaman, 18:00etan, eta, ondoren, Real Madrili bisita egin behar diote ekainaren 9an (20:30ean).

Doako sarrera bazkideentzat

San Mameseko azken partida horretara begira, sarrera doakoa izango da bazkideentzat, eta aurretiaz atera beharko dute. Gainontzeko ikusleek 11 euro ordaindu beharko dituzte helduen kasuan, eta 6 euro 17 urtez azpikoen kasuan. Prezio horren barne sartzen dira euro bateko kudeaketa gastuak.

Bideoak (3)