Ekainaren 30etik Aurrera
Jon Morcillok ez du Athleticen jarraituko
Agentziak | EITB MEDIA
Klubak jokalariaren berritze klausula ez gauzatzea erabaki du. Morcillo Amorebieta taldean ari da, talde zuri-gorriak utzita, eta agur esango dio Athletici lehen taldean 53 partida jokatuta eta titulu bat, Superkopa, irabazita.
Jon Morcillok ez du Athletic Cluben jarraituko ekainaren 30etik aurrera. Klubak jokalariaren kontratua berriztatzeko aukera ematen dio klausula ez gauzatzea erabaki du eta, ondorioz, Morcillok jokalari zuri-gorri izateari utziko dio lehen taldean 53 partida jokatuta, bi gol eginda eta bilbotarrekin 2021eko Superkopa irabazita. Morcillok Real Madriden aurkako finalerdian eta Bartzelonaren aurkako final historikoan parte hartu zuen.
25 urteko jokalaria 2016-17 denboraldian iritsi zen Lezamara Durangoko Cultural taldetik eta Athleticek Basconia taldean sartu zuen. Basauriko taldearekin bi urte eman ostean, Bilbao Athleticera igo zen, eta denboraldi bikaina osatu zuen Joseba Etxeberriaren aginduetara, 29 partidatan 10 gol eginda.
Ondoren, Gaizka Garitanok lehen taldera deitu zuen, eta denboraldiaurre bikaina egin ostean, lehen taldean geratzea lortu zuen. Bere lehen urtean, eta Marcelino Garcia Toralen aginduetara, 36 partida jokatu zituen Liga, Kopa eta Superkopa artean. Cartujako finalean ere minutuak izan zituen. Orotara, bi gol egin zituen denboraldi hartan, Real Valladoliden eta Osasunaren aurkako norgehiagoketan.
Hurrengo urtean, denboraldiko bigarren zatian, Real Valladolidera joan zen, utzita. Ondoren, Ernesto Valverderekin, hamar partidu jokatu zituen, baina denboraldiaren amaieran lepauztaia hautsi zuen. Aurtengo denboraldian Amorebieta taldean jokatzen ari da, utzita, taldea bigarren mailan jarraitzeko lehian sartuta.
Athleticek ateratako oharrean, zorte ona opa dio zornotzarrari bere ibilbide profesionalean, eta, aldi berean, urte hauetan agertutako konpromisoa eskertu dio.