Itxi

EA Sports Liga

Athleticek 0-1 irabazi dio Rayori, eta bikain itxi du 2023-2024 sasoia

EITB Media

Leer en Castellano

Zuri-gorriek garaipena bereganatu dute Madrilgo taldearen kontra (0-1) jokatutako EA Sports Ligako 38. eta azken jardunaldiko neurketan. Bosgarren amaitu dute Ligan, Kopa irabazi dute eta Unai Simonek Zamora saria irabazi du.

Unai Lopez (Rayo Vallecano) eta Nico Williams (Athletic) partidako jokaldi baten. Argazkia: EFE

Athleticek garaipena bereganatu du Rayo Vallecanoren kontra, 0-1eko emaitzarekin, eta bikain agurtu du 2023-2024 denboraldia. Talde zuri-gorriak EA Sports Ligako sailkapeneko bosgarren postuan amaitu du sasoia, Europa Ligarako txartela lortu du, Errege Kopa irabazi du eta Unai Simonek Zamora saria jaso du.

Rayo nagusi izan da lehen minutuetan, eta abagune onak izan ditu. Protagonista nagusia Radamel Falcao izan da. Unai Simon atezaina behin baino gehiagotan jarri du kinka larrian, baina ezin izan du gainditu, batzuetan punteria faltagatik eta besteetan Athleticeko atezainaren lan onarengatik.

Zuri-gorriek ez dute lehen zati ona jokatu, eta gol aukera bakarra Nico Williamsek izan du 40. minutuan; jaurtiketa, ordea, gora joan zaio. Atsedenaldira heldu orduko, Unai Simonek Rayoren gola saihestu du, Lejeuneren erremateari erantzun ona emanda.

Bigarren zatian, Athletic hobeto zelairatu da, eta ez du horrenbeste sufritu. Neurketako 56. minutuan, Yuri Berchichek min hartu du, eta ezin izan du jokatzen jarraitu; Imanol Garcia de Albenizek ordezkatu du.

Horrela, bada, 60. minutura golik gabeko berdinketarekin iritsi da partida, 0-0. Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzaileak Simon berdegunetik kendu du 61. minutuan, Julen Agirrezabala zelairatzeko, eta, horrenbestez, Unai Simonek batez beste gol gutxien jaso dituen atezainari ematen dioten Zamora saria bereganatu du.

Bost minutu geroago, 67. minutuan, Nico Williamsek 0-1ekoa sartu du. Berenguerrek jokaldi ona egin, pasea eman du area barrura, eta Nicok ez du barkatu aurkariaren ate aurrean.

Azken txanpan, Rayok estutu egin du, baina etxeko jokalariak ez dira fin ibili Agirrezabalak babestutako atearen aurrean. Ondorioz, Athleticek bereganatu du garaipena (0-1), eta hiru puntuak poltsikoratu ditu horrela.

Fitxa teknikoa:

0 - Rayo Vallecano: Cardenas; Ratiu, Lejeune, Aridane, Pep Chavarría; Pathe Ciss (Crespo, 73. min), Unai Lopez (Bebe, 77. min); De Frutos (Kike Perez, 77. min), Trejo (Isi, 67. min), Alvaro; eta Falcao (De Tomas, 67. min).

1 - Athletic Club: Unai Simon (Agirrezabala, 62. min); Lekue, Yeray (Vivian, 46. min), Paredes, Yuri (Imanol, 59. min); Dani Garcia, Galarreta; Berenguer, Jauregizar (Unai Gomez, 46. min), Nico Williams; eta Villalibre (Raul Garcia, 46. min).

Golak: 0-1. 67. min, Nico Williams.

Epailea: Jose Luis Munuera Montero. Txartel horia atera dio Crespo (79. min) Tayoko jokalariari, baita Ruiz de Galarreta (44. min) Athleticeko futbolariari ere.