Kargatzen...
Itxi

Ezustekoa

Eurokoparen ostean eskumuturretik operatuko dutela iragarri du Unai Simonek

Agentziak | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ebakuntzaren ondorioz, Athleticeko atezainak hurrengo denboraldiko prestaketa fisikoa atzeratu behar izango du. Arabarrak ez du zehaztu lesioaren zergatia.

Unai Simon, Athleticeko eta Espaniako selekzioko atezaina. Argazkia: Efe.

Unai Simon Athleticeko atezain internazionalak Eurokoparen ostean eskumuturrean ebakuntza egingo diotela iragarri du astelehen honetan. Ondorioz, arabarrak hurrengo denboraldirako prestaketa atzeratu behar izango du.

"Eurokopa bukatzean ebakuntza egingo didate, bajan zenbat denbora emango dudan ebakuntza egingo didan espezialistarekin hitz egin beharko dut", iragarri du Espainiako selekzioak Donaueschingen herrian duen Eurokopako egoitzan emandako prentsaurrekoan.

"Ez diot garrantzirik eman nahi izan Eurokopa amaitu arte lesioak ez didalako jokatzea oztopatzen, denboraldi osoan ikusi den bezala, eta ez dit kezkarik eragin. Uztailaren 15era arte horretaz hitz egin behar izatea espero dut, egun horretara arte selekzioan zentratuta nagoelako", adierazi du.

Azalpenik gabe

Simonek ez du lesioaren inguruko zehaztasunik eman nahi izan, eskumuturra futbol zelaietatik kanpo lesionatu zuen, burua Italiaren aurkako osteguneko partidan dauka eta horrela jarraitu nahi duelako.

"Eskumuturraren ingurukoak erantzun ditut eta ebakuntza egingo didatela esan dut", erantzun du, irmo, ebakuntzari buruz bigarren aldiz galdetu diotenean. "Ez dut eskumuturraren inguruan hitz egin nahi, lehiatzeko arazorik ez didalako ematen, eta Eurokopa amaitzean lasaiago hitz egingo dugu".

Albisteak (3)