BERRITZEAK
Athleticek Beñat Pradosen, Jone Amezagaren eta Irene Oguizaren kontratuak berritu ditu
EITB MEDIA
Pradosek 2031ra arte luzatu du kontratua talde zuri-gorriarekin, Amezagak 2027ra arte eta Oguizak 2026ra arte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Athleticek bere gizonezko eta emakumezko taldeetako hiru jokalariren berritzeen berri eman du jakitera ostegun honetan, San Mamesen dagoen Geuria! Sports Bar gunean egindako ekitaldi batean, hain zuzen ere.
Hala, Beñat Prados erdilari nafarrak 2031ra arte jarraituko du talde zuri-gorrian, Jone Amezaga aurrelariak, berriz, 2027ra arte luzatu du bere lotura eta, azkenik, Irene Oguiza erdilariak 2026ra arte jarraituko du bilbotarren elastikoa janzten.
Pradosek sei denboraldiz luzatu du Athleticekin lotzen zuen kontratua; 2025era artekoa zen, eta orain, aldiz, 2031n amaituko da. Iruindarrak 33 partida jokatu ditu klub zuri-gorriaren lehen taldean 2023-24 denboraldian, alegia, Lehen Mailan emandako lehenengo urtean.
Irene Oguizak, David Aznarrek entrenatzen duen taldeko kapitainetako bat bera, bi denboraldiz luzatu du kontratua, 2026ra arte. Durangarrak, bere kirol ibilbidean, 77 partida ditu jokatuta, orain arte, Athleticeko elastikoa jantzita.
Jone Amezagak sei gol sartu ditu amaitu berri den denboraldian, eta gutxienez 2027ra arte izango da Athleticeko jokalari, hiru denboraldiz berritu baitu. 19 urte dituela, dagoeneko 54 partida ofizialetan zelairatu da Athleticeko lehen taldeko jokalari bezala.