Itxi

Fitxaketa

Athleticek Leire Baños fitxatu du 2027ra arte

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Irungo jokalaria Levante UD taldetik iritsi da Lezamara, eta azken denboraldian 30 partida ofizial jokatu ditu, Txapeldunen Liga barne.

Leire Baños Argazkia: Athletic Club

Athletic Club taldeak eta Leire Baños jokalariak akordioa sinatu dute erdilari gipuzkoarra 2027ko ekainaren 30era arte zuri-gorria izan dadin. Irungo jokalaria Levante UD taldetik iritsi da Lezamara, eta azken denboraldian 30 partida ofizial jokatu ditu, Txapeldunen Liga barne.

Kontratuaren sinadura ekitaldia Bilboko Ibaigane jauregian izan da ostiral honetan, Jon Uriarte presidentea eta Xabier Arrieta emakumezkoen futbol zuzendaria ere bertan zirela, jokalariarekin batera.

Talde zuri-gorritik jakinarazi dutenez, Leire Bañosek 27 urte ditu, eta 300 neurketa ofizial baino gehiago jokatu ditu Realarekin eta Levanterekin. Azken hiru denboraldietan talde valentziarrean izan da. Bere ezaugarririk bereizgarrienak ahalmen fisikoa, zentzu taktikoa eta baloi jaurtiketak dira.

Erdilari gipuzkoarra Irun Artia eta Oiartzun KE taldeetan hazi zen. 2013-2014 denboraldian Realak fitxatu zuen, eta 16 urterekin egin zuen debuta Lehen Mailan. Zortzi denboraldi egon zen talde txuri-urdinean, eta 2019an Kopa lortu zuen Atletico Madrilen aurka. 2021ean taldea aldatzea erabaki eta Levante UDra joan zen, Valentziako taldearekin Txapeldunen Liga ere jokatuz.

Leire Baños pozik agertu da prentsaurrean. "Oso pozik nago. Athletic talde historikoa da, beste inork ez duen filosofia duena, eta hori ere oso baloragarria da. Harrobian hainbeste lan egiteak bere fruituak ematen ditu, eta orain jokalari gazteekin ikusten ari gara. Hemen dauden taldekide askorekin jokatu dut, oso ondo hitz egin didate eta ez dut zalantzarik izan sinatzeko. Guztion artean lan eginez eta hobetuz, ziur oso gauza politak lortuko ditugula", adierazi du jokalariak.

Albisteak (3)

Bideoak (1)