Espanyol-Athletic (3-3)
Athleticek puntu bat erreskatatu du bigarren zatian
Erredakzioa
Atzealdean azaldutako ahultasunak Athleticen garaipena eragotzi du berriro. Zuri-gorriek erasoan duten boterea azaldu dute, batez ere bigarren zatian.
Fitxa teknikoa:
Espanyol: C.Alvarez, Javi Lopez, R.Rodriguez, Hector Moreno, Joan Capdevila (Tejera, 74. minutua), V.Sanchez, Forlin, Rui Fonte (Stuani, 66. minutua), Verdu, Wakaso (Victor Alvarez, 82. minutua) eta Longo.
Athletic: Iraizoz, Amorebieta, Iturraspe, De Marcos (Ibai Gomez, 46. minutua), Susaeta, Iraola, Isma Lopez (Llorente, 69. minutua), Iñigo Perez (San Jose, 42. minutua), Gurpegi, Muniain eta Aduriz.
Golak: 1-0, 18. minutua, Javi Lopez. 2-0, 44. minutua, Verdu. 2-1, 55. minutua, Aduriz. 2-2, 70. minutua, Llorente. 2-3, 80. minutua, Longo. 3-3, 85. minutua, Aduriz.
Athleticek puntu bat erreskatatu du Espanyolen futbol-zelaian (3-3), BBVA Ligako laugarren jardunaldian. Aritz Adurizen bi golek eta Fernando Llorenteren beste batek puntu bat lortzeko balio izan dute. Pochettinoren jokalariek bi aldiz hartu dute aurrea markagailuan, baina azkenean puntu bakarra biltzea lortu dute.
Llorente aurreneko aldiz denboraldi honetan aulkian izan da. Bielsak Adurizen aldeko apustua egin du Cornella El Praten. Talde bizkaitarrak hasieratik sufritu du eta Espanyolen presioa ezin izan du gainditu baloi irteeran. Espanyolek oso eroso jokatu du lehen zati osoan zehar.
Horrela, Kataluniako taldearen lehen gola berehala heldu da. 19. minutuan eta jokaldi bikain baten ostean, Verduk Javi Lopez bakarrik ikusi du eta pasea eman dio. Sevillako hegalekoak jaurtiketa gurutzatu batekin Iraizoz gainditu du.
Atsedenaldia baino lehen, Longo area barruan baloia bereganatu eta Iraizozen aldaratzea aprobetxatuz Verduk baloia sareetan kokatu du. Horrela, lehen zatian egindako apustuaren saria jaso du Espanyolek.
Bielsak aulkian konponbidea bilatu du atsedenaldian. 55. minutuan Ibai Gomezek falta bat atera eta Adurizek baloia sareetara bidali du buruz.
Ondoren Llorente azaldu da. 69. minutuan, berdeguneratu eta minutu bat geroago, ukitu duen lehen baloian, Llorentek berdinketaren gola sartu du du Muniainen pase bat aprobetxatuz. Esker oinarekin jaurtiketa gurutzatua egin du Rincon de Sotoko aurrelariak eta azken hilabeteetako amorrua askatu du.
Hala ere, Athletic hobeto ari zenean, Wakasok Longori pase bikaina eman dio kontraerasoa bideratuz, eta Espanyoleko jokalariak ez du aukera alferrik galdu. Aurrelari italiarrak bigarren txartel horia ikusi du golaren ospakizunean eta Espanyol jokalari bat gutxiagorekin geratu da.
Kataluniako taldeak garaipena poltsikoan zuela ematen zuen, baina Adurizek berdinketaren gola sartu du erremate ikusgarri bat eginez. Susaetaren erdiraketa sareetan kokatu du gipuzkoarrak.