EA SPORTS LIGA
Athleticek hirugarren garaipena kateatu du Celtaren aurka (3-1)
I. G. | EITB MEDIA
Intentsitate handiko partida jokatu dute bi taldeek, eta lehoiek hirugarren garaipena jarraian kateatu dute, Guruzetaren bi golei eta Djaloren golari esker.
Athleticek 3-1 irabazi dio Celtari igande honetan San Mamesen jokatu den EA Sports Ligako seigarren jardunaldian. Intentsitate handiko partida jokatu dute bi taldeek, eta lehoiek hirugarren garaipena jarraian kateatu dute Guruzetaren bi golei eta Djaloren golari esker.
San Mamesen jokatzen duenean, Athleticek beste indar batekin jokatzen du beti, eta oraingoan ez da gutxiago izan. Horrela, zuri-gorriek partida hasi eta berehala ireki dute markagailua. De Marcosek pase bikaina egin du zulora, Iñaki Williamsek Sancetekin bat egin du penalti puntura atzerantz pasea eginez, nafarraren jaurtiketa defentsak geldiarazi du, baina Guruzeta adi egon da aldaratzea harrapatu eta botaren kanpoaldearekin boleaz gola sartzeko (1-0).
Bisitariak ez dira kokildu, eta, galtzen hasi arren, aurrera egin diote etxeko taldeari, intentsitate handiz jokatuta. Horrela, arrisku handiz hurbildu dira Agirrezabalaren atera behin baino gehiagotan, baina ez dute jokaldirik borobildu.
25. minutuan, Celtak markagailua parekatu du, hamaika metroko puntutik. Iago Aspas Agirrezabalaren aurrera heldu da, eta atezainarekin kontaktua bilatu du, epaileak penaltia adierazi dezan, eta baita lortu ere. Penalti jaurtiketan, Galiziako taldearen kapitainak ez du huts egin (1-1).
Talde bisitariaren hurrengo abagunean, etxekoen atezainak bikain jardun du Marcos Alonsoren errematea geldituta aurkariaren gola saihesteko. Aspasek bigarren gola sartu du kontraeraso azkar batean, baina jokaldia baliogabetuta zegoen jokoz kanpo baitzegoen baloia hartu duenean.
Etxekoen aldetik, Williamsek sortu du arrisku gehien. Bere abiaduraz baliatu da defentsa arazoetan jartzeko, baina eraginkortasuna falta izan zaio azken metroetan.
Lehen zatia amaitzear zegoela, Athletic berriro jarri da markagailuan aurretik, Guruzetari esker. Berenguerrek area barrura korrika sartzen ikusi du, eta erdiraketa ezin hobea jarri dio, aurrelari zuri-gorriak bere bigarren gola egin zezan (2-1).
Bilboko taldeak indar berdinarekin ekin dio bigarren zatiari, Berenguerren bakarkako jokaldi on batekin. Guaitak eten du.
Bi taldeek erasoan jarraitu dute hurrengo minutuetan, eta eraso horietako batean, Djalo, zelaira sartu baino ez, golegile bezala estreinatu da Athleticekin. Williamsek lasterketa ikusgarria egin du hegaletik, taldekideari baloia eman dio, eta honek buruz egin du gola (3-1).
Hortik aurrera, jokoaren erritmoak behera egin du, Athleticek seguru jarraitu du azkenera arte, eta hiru puntuak San Mamesen geratu dira.
Julen Agirrezabala atsedenaldian ordezkatu dute, penaltiaren jokaldian "min" egin baitu. Alex Padillak hartu du haren lekua.
Agirrezabalak normaltasunez bukatu du lehen zatia, baina atsedenaldian Padilla ohi baino erritmo biziagoan berotzen aritu da, Aitor Iru atezainen entrenatzailearekin, eta zuri-gorrien atean aldaketa izango zela pentsatu du orduan batek baino gehiagok.
Fitxa teknikoa:
3 - Athletic: Agirrezabala (Padilla, 46. min); De Marcos, Vivian, Paredes, Adama (Lekue, 65. min); Jauregizar (Galarreta, 65. min), Prados; Iñaki Williams, Sancet, Berenguer (Unai Gomez, 75. min); eta Guruzeta (Djalo, 77. min).
1 - Celta: Javi Rodriguez, Starfelt, Jailson (Carlos Dominguez, 63. min); Hugo Alvarez (Williot, 67. min), Damian, Hugo Sotelo (Ilaix Moriba, 63. min), Mingueza (Marcos Alonso, 5. min); Aspas, Bamba eta Douvikas (Borja Iglesias, 68. min).
Golak: 1-0, 4. min: Guruzeta. 1-1, 24. min: Aspas, penaltiz. 2-1, 39. min: Guruzeta. 3-1, 80. min: Djalo.
Epailea: Jose Maria Sanchez Martinez. Txartel horia atera die Berenguer, Paredes, Prados, Hugo Sotelo eta Ilaix Moriba jokalariei.