Itxi

EA SPORTS LIGA

Jolakari bat gutxiagorekin, Athletici luzapenean egin dio ihes garaipenak Sevillaren mesedetan (1-1)

G. P. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Jauregizarren golarekin, Athleticek aurrea hartu du lehen zatian, baina Sevillak ez du amore eman, azkeneraino saiatu da, eta luzapenean lortu du berdinketa, epaileak Julen Agirrezabala atezaina kanporatu ostean.

Berenguer, gol aukera bat huts egin ostean. Argazkia: EFE

Athleticek poltsikoan izan du garaipena, baina ez du partida garaiz ixten asmatu, eta larrutik ordaindu du gero. Talde zuri-gorria 1-0 irabazten joan da 90. minutuan, baina hamar minutu lehenago, epaileak Julen Agirrezabala atezaina kanporatu du, eta horrek ondorengo minutuak baldintzatu ditu.

Andaluziako taldeak erasora jo du, eta luzapenean lortu du berdinketa, jokaldi nahasi batean: Unai Nuñezen aldaratzeak zutoina jo ostean, baloiak Alex Padilla atezain sartu berriaren sorbaldan jo du eta ate barruan sartu da. 

Sevilla ez dago bere momenturik onenean, baina nortasun handiarekin jokatu du San Mamesen, eta hamargarren minutua bete baino lehen, gola egiteko bi aukera garbi izan ditu Pequek.   

Garcia Pimientaren taldeak ez ditu bere aukerak baliatu, eta, pixkanaka, zuri-gorriak zelai erdian nagusitu dira, eta erasoko jokaldi gehienak Nico Williamsen hegaletik bideratu dituzte.

Hain justu ere, Nicoren pase bikain baten ondorioz, gola sartzeko aukera izan du haren anaia nagusiak, baina ez du asmatu area barrutik egindako errematean.

Sevillaren erantzuna laster iritsi da, baina Iheanachok huts egin du area barruan. Jokaldia baliorik gabe geratu da, jokoz kanpo zegoelako, baina etor zitekeenaz ohartarazteko balio izan du.

Valverderen mutilak, baina, ez dira kikildu, eta Jauregizarrek gola sartu du 35. minutuan, Berenguerrek ateratako korner batean, aldaratze bat baliatuta.

Athleticek aurkaria estutu du lehen zatiaren amaieran, eta Iñaki Williamsek beste gol bat sartzeko aukera izan du. Sevillak, berriz, erasoan hasi du bigarren zatia. Berdinketa lortu nahi horretan, atzealdean hutsune asko utzi dituzte, eta zuri-gorriak hori baliatzen saiatu dira, Williams anaien abiaduraz aprobetxatuta.

Iñakik eta Berenguerrek aukera bana izan dute, 51. eta 69. minutuetan, hurrenez hurren, baina ez dute bigarrena egin, eta larrutik ordaindu dute gero.

Partida baldintzatu duen jokaldia 81. minutuan gertatu da: Agirrezabalak Mateori falta egin dio area kanpoaldean, eta azken defentsa zenez, epaileak txartel gorria atera dio. Valverdek Alex Padilla atezaina zelairatu du orduan, Nico Williamsen ordez.

Athleticek jokalari bat gutxiago zuela kontuan hartuta, Sevilla zuzen joan da berdinketaren bila. Gudelj eta Lukebakio saiatu dira, baina ez dute asmatu.

Azkenean, Sevillaren berdinketaren gola Padillak egin du bere atean, luzapenean: Nuñezen aldaratzeak zutoinean jo eta gero, baloiak Padillari sorbaldan eman dio eta atean sartu da. Partidaren bukaeran, joan-etorrian ibili dira bi taldeak, eta gol gehiago egon ahal izan dira. Guruzetak 2-1ekoa sartzeko aukera izan du 94. minutuan, eta Ejukek 1-2ko egin ahal izan du 95.ean.

Alabaina, epaileak amaiera adierazi du, eta ez da beste ezertarako denborarik egon. Athleticek segidako laugarren garaipena nahi zuen, baina porrot usaina duen berdinketarekin konformatu behar izan da, azkenean.

FITXA TEKNIKOA

1. - Athletic: Agirrezabala; De Marcos (Berchiche, 71. min), Paredes, Nuñez, Lekue; Jauregizar, Vesga (Galarreta, 59. min); Nico Williams (Padilla, 84. min), Unai Gomez (Guruzeta, 59. min), Berenguer (Peio Canales, 71. min); eta Iñaki Williams.

2. - Sevilla: Nyland, Carmona (Pedrosa, 80. min), Bade, Nianzou, Barco (Juanlu, 46. min); Gudelj, Agoume; Lukebakio, Peque (Mateo Mejia, 80. min), Ejuke; eta Iheanacho (Suso, 59. min).

Golak: 1-0, 36. min.: Jauregizar. 1-1, 92. min.: Padilla (bere atean).

Epailea: Cesar Soto Grado. Julen Agirrezabala kanporatu du, eta txartel horia atera die Carmonari, Nianzouri eta Pedrosari.