Jakinarazpen ofiziala
Athleticek berriz adierazi du "biolentziaren aurrean, zero tolerantzia" izango duela
EITB MEDIA
Halaber, Bilboko klubak ondorio ekonomikoak eskatuko dizkie Erromako Estadio Olinpikoan izandako istiluen egileei. Jakinarazpen ofizial baten bidez, klub zuri-gorriak nabarmendu du, "beste behin ere, ingurune segurua eta errespetuzkoa sustatzeko konpromisoa" duela adierazi du.
Athleticek adierazi du, asteartean, jakinarazpen ofizial baten bidez, "biolentziaren aurrean, zero tolerantzia" izango duela. Halaber, Bilboko klubak ondorio ekonomikoak eskatuko dizkie Erromako Estadio Olinpikoan izandako istiluen egileei; aipatutako jakinarazpenean, klub zuri-gorriak nabarmendu du, "beste behin ere, ingurune segurua eta errespetuzkoa sustatzeko konpromisoa" izaten jarraituko duela.
Aurreko ostegunean Erromako Estadio Olinpikoan 2024-25 denboraldiko Europa Ligako liga faseko lehenengo jardunaldiko Erroma-Athletic partidan izandako istiluen harira, eta "Biolentziaren aurrean, zero tolerantzia" izenburupean, Athleticek agiri ofiziala zabaldu du. "Erromako partidan gertatutako indarkeriazko ekintzetan parte hartu zuten pertsonen identifikazioaren zain", klubaren helburua izan da "zehaztea edozein ekintza arrazista, xenofobo edo intoleranteren egileei aplikatuko dizkien neurriak".
Testuinguru horretan, Athleticek esan du "erabateko konpromisoa" duela, futbolean edozein jokabide bortitz, arrazista, xenofobo edo tolerantziarik gabekoak desagerrarazteko". "Beste behin ere, ingurune segurua eta errespetuzkoa sustatzeko konpromisoa berresten dugu, bai San Mamesen, bai edozein lekualdatzean, Erroman bizitakoa bezalako gertakariak errepikatu ez daitezen erabakitasunez jokatuz", adierazi du.
Athleticen zaleak, klubaren iritziz, "kiroltasunaren, elkarbizitzaren, gizalegearen eta errespetuaren eredu dira, eta Athleticek balio horiekin identifikatzen eta defendatzen du bere burua. Zale zuri-gorrien portaera hori, beste behin ere Erroman 2.600 jarraitzailek erakutsia, gure erakundearen DNAren parte da, eta ezin du ordezkatzen ez gaituzten hamar bat pertsonaren jokabideak lausotu. Futbolean, bizitzan bezala, balioak ekintzen bidez frogatzen dira, eta publikoari eta kazetariei bengala bat botatzen dienak, baita jokalekura ere, edo hori egiten duenarekin elkarlanean aritzen denak edo laguntzen duenak ez du lekurik Athleticen", jasota du testuak. "Athletic zaleek osatzen dute, eta gure zaleek argi utzi dute gure klubaren balioen aurkako edozein jokabide bortitz arbuiatzen dutela".
Hala, "agintari eskudunekin lankidetzan, Erromako partidan indarkeriazko ekintzetan parte hartu zutenak identifikatzeko eta dagozkien zigorrak aplikatuko direla bermatzeko beharrezko jarduerak egiten ari da" Athletic. Jarraian, Bizkaiko klubak zehaztu egin du zein neurri hartuko dituen istiluen egileen aurrean, horiek klubeko bazkideak izanez gero, eta bazkide izan ezean: "Identifikatutako pertsonekin lankidetzan aritu diren bazkideen informazioa ere emango da; esaterako, Erromako estadiora sartzeko sarrerak emanez", dio agiriak.
"Klubak gertaeren egileei eskatuko dizkie izandako jarrerak eragindako ondorio ekonomikoak, klubari ezartzen zaizkion zehapenak, baita beste edozein kalte-galera ere", nabarmendu du Athleticek.
"Athleticek indarkeria mota ororekiko zero tolerantzia izateko konpromisoa du, eta agintariekin lanean jarraituko du gure harmailak eta taldeari animatzera joaten garen bisitarien harmailak elkarbizitzaren, errespetuaren eta kiroltasunaren eredu izan daitezen", amaitu du klub zuri-gorriak.