Itxi

Europa Liga

Iñaki Williamsek eta Sancetek Europako lehen garaipena eman diote Athletici AZ-ren aurka (2-0)

I. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Zuri-gorriak jaun eta jabe izan dira partida osoan zehar, baina kosta egin zaie gola egitea, bigarren zatian Iñaki Williamsek eta Sancetek lortu duten arte, eta hiru puntuak eskuratu dituzte horrela.

Iñaki Williams bere gola ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek lehen garaipena lortu du Europa Ligan AZ Alkmaar 2-0 mendean hartuta ostegun honetan San Mamesen jokatutako partidan. Zuri-gorriak jaun eta jabe izan dira partida osoan zehar, baina kosta egin zaie gola egitea, bigarren zatian Iñaki Williamsek eta Sancetek lortu duten arte, eta hiru puntuak eskuratu dituzte horrela.

Lehoiak lehen minututik hasi dira hozka egiten, lehenik Guruzetaren burukada batekin (kanpora joan da) eta ondoren Yuriren misil batekin (langa jo du). Jokoaren eta erasoaren ekimena etxekoena izan da, hegaletik egindako erdiraketekin eta urruneko jaurtiketekin min egiten saiatuz, eta Herbehereetako taldea defentsan murgildu da.

Ruiz de Galarreta eta Yuri berriro saiatu dira areaz kanpotik, baina ez dute zorterik izan. Hegalekoa egon da gola egitetik gertuen, eta aurkariaren atezaina geldiketa egitera behartu du.

Erritmo horri ezin partida osoan eutsi, eta, ordu erditik aurrera, behera egin du. Hala ere, Athleticek nagusi izaten jarraitu du, arrisku handirik sortu gabe. Jauregizar bermeotarrak aukera bikoitza izan du, lehenengo buruz eta gero urrutiko jaurtiketa batekin, baina ez du aterik aurkitu.

AZren aukera argi bakarra kontraeraso batean heldu da, lehen zatiko azken minutuetan; Buurmeesterrek jaurtiketa ahula egin du Agirrezabalaren aurrean.

Bigarren zatiak bide beretik jarraitu du. Nico amesgaiztoa izan da ezker hegaleko defentsarentzat, eta Guruzeta gola sartzear izan da defentsa batek kornerrera desbideratu duen jaurtiketa batekin. Williams nagusia aurrez aurrekoa izan du atezainarekin, baina kanpora bota du baloia.

72. minutuan, asko saiatu ondoren, anaien arteko loturak markagailua mugitzea ekarri du. Nicok hegaletik eraman du baloia, eta Iñakiri pasatu dio area barruan, honek baloia sarera bultza zezan (1-0).

Williams anaiak Iñakiren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek ez du atzera egin, gehiagoren bila jarraitu du, eta partida amaitzeko bost minuturen faltan sartu du bigarrena. Nicok lasterketa ederra egin du, eta atezaina proban jarri du; atezainak jaurtiketa gelditu du, baina ezin izan du ezer egin Sanceten erremateak sarean bukatzea saihesteko (2-0).

Horrela, zuri-gorriek txapelketako lehen garaipena lortu dute.

Fitxa teknikoa:

2 - Athletic Club: Agirrezabala; Gorosabel (De Marcos, 56. min), Vivian, Paredes, Yuri; Galarreta (Unai Gomez, 84. min), Jauregizar (Herrera, 74. min); Iñaki Williams, Sancet, Nico Williams; eta Guruzeta (Berenguer, 74. min).

0 - AZ Alkmaar: Owusu-Oduro; Maikuma (Kasius, 76. min), Penetra (Poku, 84. min), Martins Indi, Møller Wolfe; Clasie (Belic, 63. min), Peer Koopmeiners (Lahdo, 76. min): Mijnans, Zico Buurmeester, Ruben van Bommel; eta Troy Parrott (Meerdink, m.63).

Golak: 1-0, 72. min: Iñaki Williams. 2-0, 85. min: Sancet.

Epailea: Balazs Berke. Txartel horia atera die Galarreta, Maikuma eta Van Bommel jokalariei.

Albisteak (1)