Itxi

EA SPORTS LIGA

Athleticek Espanyol jipoitu du San Mamesen (4-1)

I. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Vivianek ireki du markagailua, lehen minutuetan, eta Williamsek erakustaldia eman du, bi gol sartuta. Bigarren zatian, Berenguerrek ginga jarri du. Bisitarien gola Tejerok sartu du.

Athleticeko jokalariak gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek 4-1 irabazi du Espanyolen aurka San Mamesen jokatu duen EA Sports Ligako 10. jardunaldiko partida. Vivianek ireki du markagailua, lehen minutuetan, eta Williamsek erakustaldia eman du, bi gol sartuta. Bigarren zatian, Berenguerrek ginga jarri du. Bisitarien gola Tejerok egin du.

Selekzioen geldialditik bueltan, lehoiek indartsu hasi dute norgehiagoka hasieratik, eta eurena izan da ekimena. Horri esker, gola berehala iritsi da, 6. minutuan, Dani Vivianen bidez. Erdiko atzelariak korner bat aprobetxatu du baloia belaunarekin sarera bidaltzeko, eta bere taldea aurreratu du horrela (1-0).

Espanyol suspertu egin da, eta aurrerapausoa eman du, baina jokoan Athleticek nagusi izaten jarraitu du. Horrela, Iñaki Williamsek, lehenago ere aurkariaren atezaina proban jarri ostean, markagailuko errenta handitu du. Berenguerrek pase bikaina jaso du, eta Iñakik area barrutik gola erraz sartu du (2-0).

Baina aurrelari zuri-gorria gosearekin geratu da, antza; izan ere, bi minutu geroago, baloia sarera bidali du berriro. Nicok hegaletik ihes egin du, Berenguerri eman dio  baloia, eta honek, berriz ere, Iñakiri, 3-0ekoa egiteko.

Bigarren zatiak lehenengoaren gidoi bera izan du: Athletic geldiezina izan da eta Espaynolek ez du bere tokia aurkitu zelaian. Etxeko taldeak festarekin jarraitu nahi izan du, eta Berenguerren txanda izan da oraingoan. Bi asistentzia eman ondoren, gola sartzeko aukera izan du, area barruan defentsa lurrean utzi ostean, eta ez du alferrik galdu (4-0).

Athleticek kontrolpean izan du partida amaierara arte, eta beste golen bat sartzeko aukera ere izan du. Hala ere, Espanyolek egin du gola, luzapenean, falta jaurtiketa batean Tejerok zuzenean sare barrura bidalita (4-1).

Martin Zabaleta eta Pasang Temba mendizaleek ohorezko sakea egin dute San Mamesen

Martin Zabaleta San Mamesen. Argazkia: EFE

Martin Zabaleta eta Pasang Temba mendizaleek, 1980an Everesteko gailurrera iritsi zen lehen euskal espedizioko kideek, ohorezko sakea egin dute San Mameseko futbol partidan.

Bilboko klubak omenaldia egin die "ikurrina munduko gailurrera eraman zuten heroiei", Euskal Mendizale Federazioaren mendeurrena dela-eta biak Bilbon daudela aprobetxatuz.

Fitxa teknikoa:

4 - Athletic Club: Agirrezabala; De Marcos, Vivian, Núñez, Yuri (Adama, 62. min); Jauregizar, Galarreta (Prados, 62. min); Iñaki Williams (Djalo, 73. min), Berenguer (Unai Gomez, 78. min), Nico Williams (Serrano, 73. min); Guruzeta.

1 - Espanyol: Joan García; Omar El Hilali, Kumbulla (Tejero, 73. min), Sergi Gomez, Brian Olivan; Gragera (Cabrera, 46. min); Jofre Carreras (Cardona, 62. min), Kral, Pol Lozano, Carlos Romero (Pere Milla, 46. min); eta Veliz (Cheddira, 46. min).

Golak: 1-0, 6. min: Vivian. 2-0, 28. min: Iñaki Williams. 3-0, 30. min: Iñaki Williams. 4-0, 55. min: Berenguer. 4-1, 92. min: Tejero.

Epailea: Mateo Busquets Ferrer. Txartel horia atera die Athleticeko Yuri eta Núñez jokalariei eta Espanyoleko Pere Milla, Cabrera eta El Hilali jokalariei.