Itxi

Europa Liga

Athleticek partida irauli egin du Ludogoretsen aurka, eta beste garaipen bat eskuratu du Europa Ligan (1-2)

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Iñaki Williamsek eta Nico Serranok, 73. eta 74. minutuetan, Bilboko taldearen golak egin dituzte; Erick Marcusek, 20. minutuan, 1-0ekoa sartu du, Bulgariako taldearentzat. Horrenbestez, Athleticek hamar puntu ditu txapelketan, liga faseko lau partida jokatuta.

Nico Serranok 1-2koa sartu du. Argazkia: EFE.

Athleticek irabazi egin du, 1-2, Ludogoretsen aurka, 2024-25 denboraldiko Europa Ligako liga faseko laugarren jardunaldian, Huvepharma Arenan, Razgraden, ostegunean. Iñaki Williamsek, 73. minutuan, eta Nico Serranok, 74.ean, Bilboko taldeari garaipena eman dioten golak sartu dituzte; 20. Minutuan, Erick Marcusek Ludogoretsen gola egin du, 1-0ekoa une horretan. Horrenbestez, Athleticek txapelketako sailkapeneko lehen postuetan jarraitzen du; zuri-gorriek hamar puntu dituzte, lau partida jokatuta.

Andoni Gorosabel irten da hasierako hamaikakoan, atzealdeko eskuin hegalean, De Marcosen ordez, eta horixe izan da Athleticen nobedaderik handiena. Zuri-gorriek gertu izan dute gola hamabigarren eta 19. minutuetan, baina Iñaki Williamsek ez du errematean asmatu. Ludogoretsek, aldiz, izan duen lehenengo gol aukera baliatu du; korner batean, aldaratze bat jasota, Erick Marcusek jaurtiketa bikaina egin du, ezkerrez, eta Agirrezabalak ezin izan du ezer egin. 1-0ekoa zen.

Atsedenaldira bitartean, Athletic aurkariaren arearaino iristen saiatu da, eta sortu egin du arriskua jokaldi batzuetan, baina ezin izan du berdindu. Ludogoretsek, aurreneko zatiko luzapenean, kontraeraso argia izan du, baina Marcusek kanpora jaurti du. Hala, atsedenaldian, Bulgariako taldea aurretik zihoan, eta ematen zuen Athletic ez zebilela eroso berdegunean.

Bigarren zatia ez da ondo hasi Athleticentzat; izan ere, zuri-gorriek ez zituzten mendean zelai erdia eta jokoa. Ernesto Valverdek, aldi berean, Oscar de Marcos, Mikel Vesga eta Nico Serrano zelairatu ditu, Bilboko taldea aurrera bultzatze aldera. Yuri Berchichek bi aldiz jaurti du ezkerrez, areaz kanpotik; Ludogorets, baina, kontraerasoan, arriskua sortzen ari zen.

73. minutuan, De Marcosek erdiraketa ona sartu du areara, Iñaki Williamsek baloia hartu, kontrolatu, eta gol ederra sartu du. Ia jarraian, Unai Gomez ederto sartu da erditik, eskuinera ireki du, eta Nico Serranok, ezkerrez, 1-2koa egin du. Bi minututan, euskal taldeak markagailua irauli egin du.

Berenguer, falta batean, eta Herrera, ezkerrez egindako jaurtiketa bikain baten bidez, 1-3koa sartzear izan dira, neurketako azken txanpan. Athleticek ez du estutasun handirik izan garaipena bermatzeko; hortaz, Ernesto Valverderen taldeak balio handiko hiru puntu erdietsi ditu, ia ziurtaturik baitu Europa Ligan jarraituko duela.

Fitxa teknikoa

1 - Ludogorets: Padt; Witry (Grobber, 84. min), Verdon, Almeida, Son; Erick Marcus (Gusev, 74. min), Yordanov (Chochev, 84. min), Duarte, Rick; Rwan Cruz eta Duah.

2 - Athletic: Agirrezabala; Gorosabel (De Marcos, 56. min), Vivian, Paredes, Yuri; Galarreta (Unai Gomez, 68. min), Prados (Vesga, 56. min); Iñaki Williams, Berenguer, Nico Williams (Herrera, 84. min); Djalo (Nico Serrano, 56. min).

Golak: 1-0, 20. min: Erick Marcus. 1-1, 73. min: Iñaki Williams. 1-2, 73. min: Nico Serrano.

Epailea: Anastasios Papapetrou (Grezia). Ludogoretseko Rick eta Rwan Cruz, eta Athleticeko Yuri, Vivian, Vesga eta Serrano zigortu ditu, txartel horia aterata.

Gertakizunak: 10.000 bat zale, Huvepharma Arenan; 500 bat, Athleticeko zaleak izan dira.

Albisteak (3)

Bideoak (2)