EA Sports Liga
Athleticek luzapenean lortu du berdinketa Valladoliden (1-1)
G. P. A. | EITB Media
Zuri-gorriek luzapenean berdindu dute Valladoliden aurkako partida, Gorka Guruzetak sartutako golari esker.
Athleticek bana amaitu du Valladoliden, eta Gorka Guruzetaren gola luzapenean iritsi dela kontuan hartuta, pozik egon daiteke etxetik kanpo bereganatutako puntuarekin.
Alabaina, partida etsigarria izan da zuri-gorrientzat. Neurketa kontrolpean izan dute, baina ez dira arrisku nahikoa sortzeko gai izan eta porrota jasotzear egon dira. Valladolidek, berriz, lan ona egin du defentsan, eta izan duen aukera ondo baliatzen asmatu du.
Athletic Iñaki Williams eta Oihan Sancet gabe joan da Valladolidera, eta ezohiko hamaikakoarekin zelairatu da Jose Zorrillan: De Marcos, Yeray, Adama Boiro, Mikel Jauregizar, Nico Serrano eta Unai Gomez hasieratik aritu dira.
Edonola ere, Ernesto Valverderen taldeak betiko indarrarekin jokatu du, eta berea izan da baloiaren jabetza. Aurkariaren area ingurura erraztasun handiarekin heldu da, baina azkeneko metroetan erabakitasuna eta zehaztasuna falta izan zaizkio gola egiteko.
Valladolidek, berriz, atzean gizon asko pilatuta defendatu du bere atea, eta kontraerasoan azkar ateratzea izan du helburu. Lehen zatian partida Athleticen kontrolpean egon bada ere, lehendabiziko gol aukera garbia Paulo Pezzolanoren taldeak izan du: Lucas Rosak boleaz egin du errematea, eta Agirrezabalak sekulako geldiketarekin erantzun dio.
Handik gutxira izan dute zuri-gorriek 0-1ekoa egiteko aukera, baina Nico Williamsek huts egin du Hein atezainaren aurrean. Juma Bahk azkar egin du atzera, eta aurrelari nafarraren jaurtiketa oztopatzea lortu du. Gutxigatik izan bada ere, kanpora joan da baloia.
Atsedenaldia heldu baino lehen gertatu da norgehiagoka baldintzatu zezakeen jokaldia. Pradosek falta gogorra egin dio Raul Morori zelai erdian, Valladoliden kontraeraso arriskutsua gelditzeko, eta epaileak, bitan pentsatu gabe, txartel gorria atera dio. Alabaina, VAReko epaileak ohartarazita jokaldia berrikusi ostean, atzera egin du, eta txartel horia atera dio, azkenean, Pradosi.
Bigarren zatiaren hasieran, Valverdek hiru aldaketa egin ditu aldi berean: Ruiz de Galarreta, Vesga eta Djalo sartu dira zelaian, Jauregizar, Prados eta Unai Gomezen ordez. Hala ere, Athletici asko kostatu zaio Valladoliden defentsa haustea eta gol aukera garbiak sortzea.
Gainera, 60. minutuan, talde zuri-gorriak beste ezusteko bat izan du: Berenguerrek aldaketa eskatu behar izan du, min hartuta, eta Gorka Guruzeta sartu da haren ordez. Hain justu ere, aurrelari donostiarrak gola sartzeko aukera izan du 75. minutuan, baina errematea kanpora joan zaio.
Ondoren iritsi da Valladoliden zaplaztekoa. Vesgak huts egin du defentsan, Ivan Sanchezek berreskuratu du baloia, area barrutik egindako erdiraketa Raul Morok bikain baliatu du eta gol ederra sartu du buruz.
1-0ekoarekin, Valladolidek defentsako lana indartu du. Alabaina, David Torresek falta arriskutsua egin du, eta Galarretaren erdiraketa bikain baliatu du Guruzetak, erremate ikusgarriarekin banakoa 93. minutuan eginda.
Partida galduta zeukala ikusita, Athleticek
eman dezake Valladoliden lortutako puntua. Hala ere, agerian geratu da atzealdean jokalari asko pilatzen dituen taldeei gola sartzea asko kostatzen zaiola Ernesto Valverderen taldeari.
FITXA TEKNIKOA:
1- Valladolid: Hein; Luis Perez, Juma Bah, Javi Sanchez, David Torres; Raul Moro (Cömert, 88. min.), Juric (Meseguer, 88. min.), Anuar (Ivan Sanchez, 61. min.), Lucas Rosa; Kike Perez (Mario Martin, 75. min) eta Sylla (Marcos Andre, 61. min).
1- Athletic Club: Agirrezabala; De Marcos, Yeray, Paredes, Adama; Jauregizar (Ruiz de Galarreta, 46. min.), Prados (Vesga, 46. min.); Nico Serrano (Marton, 80. min.), Unai Gomez (Djalo, 46. min.), Williams Jr; eta Berenguer (Guruzeta, 63. min.).
Golak: 1-0, 79. min.: Raul Moro. 1-1, 93. min., Guruzeta.
Epailea: Adrian Cordero Vega. Txartel horia atera die Anuarri, David Torresi, Mario Martini, Cömerti, Jauregizarri, Pradosi, Vesgari eta Martoni.