Iragan denboraldiren bukaera
Bielsak iaz jokalariei emandako azken hitzaldia argitaratu dute
Erredakzioa
"Madrilera oinez etorri den jendea ikusi eta gero barre egiteko gogoak dituzue", esan zien jokalariei Athleticeko entrenatzaileak Errege Kopako finala galdu eta gero.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iaz Europa Ligako eta Errege Kopako finalak zergatik galdu zituzten jakin gabe agur esan zien jokalariei Marcelo Bielsa Athleticeko entrenatzaileak, iragan denboraldian emandako azken hitzaldiaren arabera. Izan ere, Argentinako teknikariak jokalari zuri-gorriei emandako azken hitzaldia hedabideetara bideratu du norbaitek.
Elkarrizketa 'El Desmarque Bizkaia' atariak argitaratu du gaur. Athleticen ez jarraitzeko aukera aztertu zuen Bielsak, baina azkenean talde bilbotarrean beste urtebete ematea erabaki zuen.
"Ez dakigu zergatik, hori da errealitatea gazteak. Aurreneko partidako ondorioak esatearekin ez zait nahikoa (Europa Ligako finala Bukaresten), urduriegi jokatu genuela… Zuek argudiatu zenituzten arrazoi guztiak. Niretzako… zergatik galdetzen baldin badidate, okerrago, ez dakit zergatik", esan zien Rosarioko entrenatzaileak jokalariei.
Hala ere, finalera heltzeko "bide guztia zoragarria izan" zela onartu zuen Bielsak, "neurketa ikaragarriak jokatu dituzuelako, benetan bikainak".
Argentinako prestatzailearen ahotan, Atletico Madrilen kontra Europa Ligako finala 3-0 galtzeak eta Bartzelonaren kontrako porrotak finaletara heltzeko bidea "zikindu" zuen. "Eta zergatik ez jakiteak are gehiago zikintzen du", gaineratu zuen.
"Mendekua hartzeko aukera izateko denbora asko pasako da bi aukera" izan eta gero, ohartarazi zien Bielsak jokalariei.
'El Desmarque Bizkaia' atariak argitarartutako testu osoa:
"Madrilera oinez etorri den jendea ikusi eta gero barre egiteko gogoak dituzue… eta gu kolektibo baten gorenean gaude, barreka, final bat galdu ostean…
Hori egiteko parada duzue, baina futbola eta bizitza ez dira horrelakoak gazteak, zuek bi aukera hauek berriz izateko, mendekua hartzeko, denbora asko igaroko delako. Nire hitzak gogoraraziko dituzue; eta ez da irabaztea edo ez irabaztea, nola galdu genuen baizik.
Finaletaraino egindako bidea, ikaragarria izan da, norgehiagoka zoragarriak jokatu dituzuelako, benetan bikainak, baina honek guztia zikintzen du, eta are gehiago zergatik gertatu den ez jakiteak. Gazteak, errealitatea zergatik gertatu den ez dakigula da.
Aurreneko partidako ondorioak esatearekin ez zait nahikoa (Europa Ligako finala Bukaresten), urduriegi jokatu genuela… Zuek argudiatu zenituzten arrazoi guztiak. Niretzako… zergatik galdetzen baldin badidate, okerrago, ez dakit zergatik. Bueno, besterik ez gazteak, agurtuko zaituztet, badaezpada, baliteke berriro elkar ikusteko aukerarik ez izatea eta. Bestela, elkar ikusteko parada badugu, lorpen garrantzitsu bat eskuratzeko borroka egingo dugu berriz".