EA SPORTS LIGA
Athleticek partida irauli du Vallecasen, Sancetek bi gol sartuta (1-2)
G. P. A. | EITB Media
Talde zuri-gorria galtzen hasi da Vallecasen, baina emaitza iraultzea lortu du, bigarren zatian zelairatu den Oihan Sancetek erakustaldia emanda.
Athleticek 1-2 irabazi dio Rayo Vallecanori, gaur, Vallecasen jokatu duten EA Sports Ligako partidan. Neurketa galtzen hasi dute zuri-gorriek, baina bigarren zatian Ernesto Valverdek Oihan Sancet jarri du zelaian, eta jokalari nafarrak markagailua irauli du, bi gol ikusgarri sartuta.
Athleticek berezko duen bizitasunarekin jokatu du, eta Rayok goian egindako presioa gainditzen zuenean, arriskua sortzeko ahalmena izan du.
Hasieratik erritmo handiarekin aritu dira bi taldeak, eta Nico Williamsek lehen minutua bete orduko izan du gola sartzeko aukera. Guruzetak pase ikusgarria eman dio, orpoz, baina Williamsek kanpora jaurti du baloia.
Handik gutxira iritsi da Iñigo Perezen mutilen erantzuna, baina Isiren jaurtiketa arazorik gabe gelditu du Agirrezabalak.
Baloiaren jabetza Athleticek izan du, baina joan-etorriko neurketa izan da, eta Rayok urrats bat aurrera eman du, erasoko jokoa hegaletatik bideratuta, nahiz eta azken metroetan arrisku handirik sortu ez.
Halako batean, baina, Valverderen mutilek huts larria egin dute defentsan, Rayoko jokalariek egindako presioaren ondorioz, eta orduan egin du 1-0ekoa etxeko taldeak. Paredesek pase txarra eman dio Agirrezabalari, Ntekak lapurtu dio baloia eta atezainaren buru gainetik botata bidali du sarera.
Gola jaso arren, Athleticek ez du jarrera aldatu eta partidan nagusi izaten jarraitu du. Bereak izan dira aukerari garbienak, baina Nicok, Guruzetak eta Yurik ez dute ate aurrean asmatu du. Aitzitik, Rayok barrura bidali du lehen zatian izan duen aukera on bakarra.
Atsedenaldiaren ostean, Rayo hobeto hasi da, eta Valverdek aldaketa hirukoitza egin du orduan. De Marcos, Unai Gomez eta Oihan Sancet sartu dira zelaian, eta aldaketek esperotako eragina izan dute.
Sancetek egin du banakoa, gol ikusgarria sartuta, Nico Williamsek egindako jokaldi bikaina baliatuta.
Athleticek zailena egin du: aldapa gora jarri zaion neurketa berdintzea. Hortik aurrera, partida hobeto kontrolatu du, eta beste patxada batekin aritu da. Rayok, berriz, aurrera egin du, bigarren sartzeko asmoz, baina atzean zuloak utzita.
Hala iritsi da Athleticen bigarren gola. Oraingoan ere Sancet izan da protagonista. Area ertzetik jaurtiketa bortitza eginda, baloia sarera bidali du. Augusto Batallak ezin izan du ezer egin 1-2koa saihesteko.
Gol horrek min handia egin dio Rayori, eta Athleticek bere abantaila ondo defendatu du azkeneraino. Markagailua iraulita, zuri-gorriek garaipen garrantzitsua bereganatu dute Vallecasen, eta, sailkapenean, laugarren tokian daude, 26 punturekin, Atletico Madrilen atzetik.
FITXA TEKNIKOA
1 - Rayo Vallecano: Batalla; Ratiu, Lejeune, Mumin, Chavarria; Valentin (Pedro Diaz, 82. min), Pathe Ciss (Gumbau, 74. min); Isi (Trejo, 74. min), Embarba (Jorge de Frutos, 64. min), Álvaro; eta Nteka (Camello, 64. min).
2 - Athletic Club: Agirrezabala; Lekue (Oscar de Marcos, 56. min), Yeray, Paredes, Yuri; Jauregizar (Unai Gomez, 56. min), Ruiz de Galarreta (Vesga, 75. min); Iñaki Williams (Djalo, 63. min), Berenguer, Nico Williams; eta Guruzeta (Sancet, 56. min).
Golak: 1-0: min. 13, Nteka; 1-1: min. 64, Sancet; 1-2: min. 77, Sancet.
Epaileak: Mario Melero López. Amonestó a Pathé Ciss (m.69), Gumbau (76) y Álvaro (90+5), del Rayo.