Itxi

EA Sports Liga

Athleticek Real Madril menderatu du San Mamesen (2-1), eta meritu handiko hiru puntu eskuratu ditu

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Berenguerrek eta Guruzetak sartu dituzte talde zuri-gorriaren golak, eta Agirrezabalak penalti bat gelditu dio Mbapperi. Athleticek 2015etik lehen aldiz hartu du mendean Ligan Real Madril.

Gorka Guruzetak Athleticen bigarren gola sartu du. Argazkia: EFE.

Athleticek Real Madril menderatu du, 2-1, 2024-25 denboraldiko EA Sports Ligako hemeretzigarren jardunaldiko partidan (aurreratuta jokatu dute), San Mamesen, asteazken gauean. Alex Berenguerrek, 53. minutuan, 1-0ekoa sartu du, Jude Bellinghamek berdinketa egin du 78.ean, eta Gorka Guruzetak, 80.ean, Athleticen aldeko 2-1ekoa lortu du; gainera, Julen Agirrezabalak, emaitza 1-0ekoa zela, penalti bat gelditu dio Mbapperi. Horrenbestez, Biboko taldeak 2015etik lehenengo aldiz hartu du mendean Ligako neurketan Real Madril, eta sendotu egin du txapelketako sailkapenean duen laugarren postua.

Athletic-Real Madril (1-0): partidako laburpena

Julen Agirrezabala izan da atepean, Gorosabel eta Adama atzealdeko hegaletan, Prados eta Jauregizar zelai erdian, eta Alex Berenguer atera da aurrelari. Athleticek sendo ekin dio neurketari, aurkariari presio handia eginda, eta, jokaldi batzuetan, oso aurrean lapurtu dute baloia zuri-gorriek. 13. minutuan, Sanchez Martinez epaileak Gorosabelen eta Rodrygoren arteko jokaldi bat berrikusi du, balizko penaltia izan zitekeela pentsatuta, baina ez du ezer adierazi.

Berenguerrek izan du norgehiagokako lehenengo gol aukera oso ona, 31. minutuan, baina barañaindarrak gertutik egindako errematea goitik irten da desbideratuta. San Mameseko berdegunean, Athletic eta Real Madril bizi-bizi zebiltzan lehian; Carlo Ancelottiren gizonen helburua zen baloia mugitzea, zuloaren bila, eta zuri-gorriak, bitartean, baloia lapurtzen ahalegintzen ari ziren, segituan azkar-azkar iristeko areara. Horrela joan dira bi taldeak aldagelara, bigarren zatian dena erabakitzear zegoela.

Bigarren zatia oso ondo hasi da, Athleticen ikuspegitik; izan ere, 53. minutuan, Alex Berenguerrek aurretik jarri du euskal taldea. Nafarrak oso ondo baliatu du Courtoisek egindako aldaratze bat, Iñaki Williamsek erdiraketa oso arriskutsua arean sartuta, eta sareetara bidali du. 1-0ekoa zen.

Agirrezabalak geldiketa ona egin du Mbapperen jaurtiketa bati erantzuteko, Real Madril aurrerapausoa ematen saiatzen ari zela, eta Ernesto Valverdek Ruiz de Galarreta eta Guruzeta zelairatu ditu, Pradosen eta Berenguerren ordez. 67. minutuan, Sanchez Martinezek penaltia adierazi du, Agirrezabalak, irteera batean, Rudiger aurretik eraman baitu; Mbappek jaurti du, baina Athleticen atezain gipuzkoarrak, geldiketa bikaina eginda, saihestu egin du gola.

Jude Bellinghamek, 77. minutuan, berdinketaren gola sartu du. Agirrezabalak geldiketa oso ona egin dio Mbapperi, baina jokalari ingelesak aldaratzea harrapatu du, eta 1-1ekoa egin. Ia jarraian, 80.ean, Gorka Guruzetak lapurtu egin dio baloia Valverderi, Real Madrilen areatik gertu, eta, Courtoisen aurrean, Athleticen bigarren gola lortu du.

Azken minutuetan, Bizkaiko taldeak, zaleek bultzatuta, eutsi egin dio, garaipena poltsikoratu arte. San Mamesek biziki ospatu du. Athleticek sailkapeneko aurrenekoetan jarraitzen du, eta sendotasun handia ari da erakusten. 

Fitxa teknikoa

2 - Athletic: Agirrezabala; Gorosabel (De Marcos, 79. min), Vivian, Yeray, Adama (Yuri, 84. min); Jauregizar, Prados (Ruiz de Galarreta, 63. min); Berenguer (Guruzeta, 63. min), Sancet (Unai Gomez, 79. min), Nico Williams; eta Iñaki Williams.

1 - Real Madrid: Courtois; Lucas Vazquez (Guler, 88. min), Raul Asencio, Rudiger, Fran Garcia (Mendy, 70. min); Tchouameni (Modric, 70. min), Ceballos (Brahim, 58. min), Valverde, Bellingham; Rodrygo (Endrick, 88. min) eta Mbappé.

Golak: 1-0, 53. min: Berenguer. 1-1, 78. min: Bellingham. 2-1, 80. min: Guruzeta.

Epailea: Jose Maria Sanchez Martinez (Murtzia). Athleticeko Agirrezabala eta Guruzeta, eta Real Madrileko Tchouameni, Lucas Vazquez eta Bellingham zigortu ditu, txartel horia aterata.

Nabarmentzekoa: 51.364 zale izan dira San Mamesen.

Albisteak (2)