Prentsaurrekoa
Urrutia: 'Filtrazioen kontua penagarria da, eta txarra Athleticentzat'
Erredakzioa
Filtrazioen kontua izan da nagusi Athleticeko presidentearen prentsaurrekoan. Llorente Athleticeko jokalaria dela gaineratu du, eta Amorebietarekin kontratua negoziatzen ari direla esan du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Josu Urrutia Athleticeko presidenteak prentsaurrekoa eman du ostegun honetan Ibaiganen. Ohiko Batzarreko kontuak astelehenerako utzi nahi dituela esan eta, jarraian, filtrazioen inguruan hitz egin du.
"Niretzat penagarria da edozein taldetan horrelako gauzak gertatzea, eta larriagoa da Athleticen gertatzen bada. Aldagelako gauzak, aldagelan geratu behar dira. Beraiei ere esan diet. Ez dut grabazioa entzun, ezta entzungo ere. Argi dago Athleticentzat ez dela positiboa. Ez dut ulertzen zergaitik egin den, ezta zein helbururekin ere. Pasatutako gauza bati bueltak ematea, atzeraka joatea da. Ez dut gaia mugitzen jarraitzea ulertzen", esan du Urrutiak.
Amorebietaren kontratu berritzeaz ez du asko hitz egin, negioziazioa zabalik dagoela gaineratu du: "Amorebietarekin berbetan gaude, eta jokalariak Athleticen geratu nahi duela uste dut, negoziazioa zabalik baitago. lanean gabiltza".
Kirol arloan, denboraldi hasieran egon diren istiluen gainean ere mintzatu da Athleticeko presidentea: "Batzuek ikuspegi txarra eman nahi dute. Gertatutako egoera asko bukatuta daude, baina norbaitek interesa du bukatuta dauden gaiak berriro azaleratzeko. Iaz norbaitek esan zuenez, Trabzonsporren aurka berdinduta urduritasuna zen nagusi. UEFAn puntu bakarra dugu, eta iaz, bost puntu gehiago genituen. Lehen partida irabaztea merezi genuen, bigarrena ondo galduta dago. Ligan iazko egoera berean gaude. Iragan denboraldian emandako irudi ona ematen saiatuko gara".
Llorenteri buruz galdetuta, Urrutiak argi utzi du bere garaian esandakoarekin aurrera jarraitzen duela. "Bere garaian erabaki bat hartu behar izan zen gaiaren inguruan, eta erabakia hartu genuen. Zaila da guztiok ados egotea. Llorente balio garrantzitsua da Athleticentzat. Athleticeko jokalaria da eta ahalik eta gol gehien sartzea nahi dut. Kontratua ez berreitzea erabaki zuen, baina iritziz aldatzen badu, ateak irekita ditu, eta kontratua berritzeaz hitz egingo genuke. Bere ideia, momentuz ez da aldatu", gaineratu du.
Mediaprorekin duten arazoaren inguruan, "11,4 milioi zor dizkigute, eta salaketa jarrita dago", esan du Athleticeko presidenteak.
Bestalde, 2008an Armado Ribeirori botila bota zion Betiseko jarraitzailea absolbitu dute epaitegiek eta Athleticek helegitea aurkeztuko duela baieztatu du gaur Urrutiak.