3-2, Mestallan
Athleticek hiru puntuak galdu ditu azkenengo bi minutuetan
Erredakzioa
Valentziak norgehiagokako azkenengo bi minutuetan zuri-gorriek lortutako 1-2koa iraultzea lortu dute. Ander Herrerak txartel gorria ikusi du 68. minutuan, eta Athleticek ezin izan du eutsi.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Athleticek 3-2 galdu du Valentziaren aurka Mestallan, eta sailkapenaren behealdeko postuetan jarraituko du beste jardunaldi batez. 87. minutura arte, 1-2 irabazten ari zen talde zuri-gorria, baina bi minututan (88. minutuan eta 90. minutuan), Valentziak emaitza iraultzea lortu du.
Athleticek eta Valentziak partida ikusgarria jokatu dute. Talde bakoitzak gol aukera bana izan ditu lehen minutuetan, baina ez dute asmatu. Athleticek sartu du partidako lehen gola, 18. minutuan (0-1). De Marcosek galduta zegoen baloi bat azkeneraino borrokatu du, eta Adurizek gol ikusgarria sartu du area kanpotik egindako jaurtiketaren ondorioz.
Pozak, ordea, ez dio asko iraun talde zuri-gorriari. Valentziak berdinketa lortu du 25. minuturako. Undiano Mallenco epaileak Valentziaren aldeko penaltia adierazi du, baloiak Ekizaren eskuan jo duelako. Soldadok ez du barkatu, eta penaltiz 1-1ekoa sartu du.
Gola jasota Athleticek ez du etsi, eta aurrera jarraitu du. Bielsak zuzentzen duen taldeak oso ondo jokatu du lehenengo zatian. Undiano Mallencok ez du Athleticen aldeko penalti argia adierazi 28. minutuan. Baloiak Victor Ruizen eskuan jo du, baina epaile nafarrak ez du ezer adierazi. Bi minutu geroago, Adurizek 1-2koa sartu du. Emaitza horrekin (1-2) iritsi da partida atsedenaldira.
Bigarren zatia parekatua izan da, baina 69. minutuan Ander Herrerak txartel gorria ikusi du, eta Athletic hamar jokalarirekin geratu da. Herrerak umekeria egin du ostikoa jo baitio Tino Costari.
Jokalari bat gutxiagorekin, Athletic atzean sartu da. Bielsak Aurtenetxe sartu du Aduriz ordezkatzeko, eta geroago, San Jose sartu da Iñigo Perezen ordez. Valentzia erasokor ibili da berdinketa lortzeko asmoz, baina Athleticek nahiko ondo eutsi dio defentsan, 88. minutura arte. Orduan lortu du Valentziak berdinketaren gola, 2-2koa. Tino Costak egin du azken errematea, eta bera izan da golegilea. San Josek baloia aldentzeko aukera izan du atepean, baina lokartu egin da eta Valentziak berdinketa lortu du.
Berdinketari eusteko beharra izan du Athleticek bigarren gola hartuta, baina falta bat ondo ez defendatzeagatik etorri da Valentziaren hirugarren gola. Valdezek egin du errematea, eta ondorioz, Valentziak lortu du garaipena 3-2ko emaitzarekin.