Lezaman
Urrutia jokalariekin batzartu da lasaitasuna helarazteko
Erredakzioa
Athleticeko presidentea Lezamara joan da jokalariekin hitz egin, eta animoak nola dauden ikusteko.
Josu Urrutia Athleticeko presidentea Lezaman izan da astearte honetan, eta lehen taldeko jokalariekin batzartu da. Azken porroten eraginez, animoak nola dauden jakin nahi izan du Urrutiak, eta jokalariei "maitasuna eta lasaitasuna" helarazi die.
"Klub hau, gauza hauengatik da berezia. Presidentea eta zuzendaritzako kideak bat gehiago dira. Guztion artean taldea osatzen saiatzen gara. Batuta egoteko unea da", adierazi du Gaizka Toquerok.
Ander Herrerak honakoa gaineratu du: "Presidentea gugandik gertu egotea eskertzen dugu. Lasaitasuna eta konfiantza helarazi dizkigu. Era honetako gauzetan bereziak gara, eta hori garrantzitsua da".
Gaizka Toquerok esan duenez, Urrutiak ez die "ezer berezirik esan", eta berari animoz nola dagoen galdetu dio. "Prentsaurrekoan esan zuen jokalariengandik gertuago egoten saiatuko zela, eta bete egin du", esan du.