Errege Kopa
Athleticek ezin izan ditu armaginak azpiratu
Erredakzioa
Eibarrek bi abagune argi izan ditu lehen zatian, baina ez ditu aprobetxatu. Armaginek esfortzua ordaindu dute bigarren zatian, baina zuri-gorriak erasoan kamuts aritu dira.
Fitxa teknikoa:
SD Eibar: Xabi Irureta; Aimar, Arregi, Raul Navas, Bingen; Errasti, Abaroa; Capa, Mainz (Aketxe, 75. minutua), Del Olmo (Arroyo, 55. minutua); eta Arruabarrena (Jimenez, 58. minutua).
Athletic: Raul; Iraola, San Jose, Amorebieta, Aurtenetxe; Iturraspe; Susaeta, Toquero (De Marcos, 46. minutua), Herrera, Ibai Gomez (Muniain, 46. minutua); eta Llorente (Aduriz, 72. minutua).
Athleticek eta Eibarrek Ipuruan berdindu dute (0-0), Errege Kopako final-hamaseirenetako joaneko neurketan. Lehen zatian zuri-gorriak desagertuta egon dira eta Eibarrek aurrea hartzeko aukera argiak izan ditu. Armaginek lehen zatiko esfortzua ordaindu dute eta bilbotarrek baloiaren jabetza bereganatu dute, baina ia ez dute arriskurik sortu.
Lehen zatia oso parekatua izan da, baina abagune argienak Eibarrek izan ditu. Athleticek ez du erasoan jokaldirik lotu eta aurreneko 45 minutuetan ez du jaurtiketarik egin.
24. minutuan Mainzek norgehiagokako lehen aukera argia izan du. Raulek lanak izan ditu eta geldiketa bikaina egin du armaginen aurreneko gola saihesteko.
Atsedenaldia baino lehen, azken jokaldian, Joseba del Olmok lehen zatiko abagunerik argiena izan du, baina bigarren zutoinean bakarrik ez du asmatu.
Atsedenaldiak Athletic salbatu du. Taldea galduta ibili da berdegunean eta Marcelo Bielsak aldaketak egitea erabaki du. Horrela, De Marcos eta Muniain zelairatu dira aldageletatik bueltan.
Hala ere, talde bilbotarrek ez dute hobera egin bigarren zatiaren hasieran, baina Eibarrek fisikoki behera egin du eta zuri-gorriek partidaren kontrola bereganatu dute minutuek aurrera egin ahala.
Eibar oso nekatuta zegoen, baina markagailuari eustea lortu du. Athleticek zirrikituak aurkitu ditu, baina berdinketa saihesteko denbora falta izan zaio.