Itxi

EUROPA LIGA

Athleticek Erromaren aurka galdu du, eta buelta eman beharko dio kanporaketari San Mamesen (2-1)

I. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Iñaki Williamsek aurretik jarri ditu bisitariak, baina Angeliñok eta Shomurodovek emaitza irauli dute, eta, ondorioz, zuri-gorriek kanporaketari buelta eman beharko diote San Mamesen.

Galarreta baloiaren lehian. Argazkia: EFE.

Athleticek 2-1 galdu du Erromaren aurka ostegun honetan, Erromako zelai olinpikoan jokatu den Europa Ligako final-zortzirenetako joaneko partidan. Iñaki Williamsek aurretik jarri ditu bisitariak, baina Angeliñok eta Shomurodovek emaitza irauli dute, eta, ondorioz, zuri-gorriek kanporaketari buelta eman beharko diote San Mamesen.

Partida Italiako taldearen nagusitasunarekin hasi da, baloiaren jabetza baitzuen. Athletic ondo kokatuta zegoen zelaian, aurkariaren jokaldiak garaiz mozten eta atzean gehiegi sartu gabe.

Lehen jokaldi arriskutsua Erromak egin du, Dovbyken eta Vivianen arteko lehia batean. Jokaldia ukrainarraren irristada batekin amaitu da, baina Vivianek min hartu du eta zelaia utzi behar izan du. Paredesek ordezkatu du.

Zortea bisitarien alde jarri da Baldanzi arearaino iritsi eta baloia atzean utzi duenean, Dybalak langara bidali baitu. Athleticek Iñaki Williamsen erdiraketa batekin erantzun du, Maroanek errematatu duena, baina kanpora joan zaio gutxigatik.

Oro har, atezainek ez dute lan gehiegirik izan lehen zatian, eta falten kopurua nabarmendu da.

Valverderen taldeak beste martxa batekin hasi du bigarren zatia, eta bost minutura ireki du markagailua. Korner batean, Paredesek goitik behera errematatu du, eta errebotea Iñaki Williamsek bidali du sare barrura (0-1).

Hala ere, gutxi iraun die pozak lehoiei. Erromak erasora jo du, Baldanzik eta Pisillik ez dute asmatu, baina hirugarren aukeran, Angeliñok baloia jaso du area barruan, eta berdinketa jarri du markagailuan (1-1), baloia sare barrura bidalita.

Guruzeta eta Prados Maroan eta Jauregizarren ordez zelairatu ditu Valverdek, taldea freskatzeko, eta lerroak igo ditu gehiago erasotzeko. Eraso horietako batean harrapatu du Unai Gomezek Williamsen erdiraketa, baina burukada kanpora joan zaio. Hurrengoan, Berenguerrek (Nico ordezkatu du) indartsuegi jo du Iñakik emandako baloia, eta zerura bidali du.

Azken minutuetan, Yerayk falta egin dio Shomurodovi, eta bigarren txartel horia ikusi du; ondorioz, taldea bat gutxiagorekin utzi du.

Athleticek azken unera arte sufritu du, eta Shomurodovek garaipenaren gola sartu du (2-1) azken minutuan.

Fitxa teknikoa:

2.- Erroma: Svilar; Celik, Mancini, Ndicka; Rensch (Saelemaekers, 60. min), Pisilli (Kone, 78. min), Cristante, Angeliño; Dybala (Soule, 72. min), Baldanzi (Baldanzi, 60. min); Dovbyk (Shomurodov, 72. min).

1.- Athletic: Agirrezabala; De Marcos, Vivian (Paredes, 23. min), Yerai, Yuri; Galarreta, Jauregizar (Beñat Prados, 63. min); Iñaki Williams, Unai Gomez (Vesga, 78. min), Nico Williams (Berenguer, 78. min); Maroan (Guruzeta, 63. min).

Golak: 0-1, 50. min: Iñaki Williams. 1-1, 56. min: Angeliño. 2-1, 94. min: Shomurodov.

Epailea: Sandro Scharer. Txartel horia atera die Shomurodov, Yerai, Jauregizar eta Maroan jokalariei. Yerai kanporatu du, bigarren txartel horia erakutsi ostean txartel gorria aterata.

Bideoak (2)