Itxi

EA SPORTS LIGA

Yerayk Vesgak huts egindako penaltia konpentsatu du eta garaipena eman dio Athletici Sevillaren aurka (0-1)

I. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Nylandek gelditu egin du Vesgak jaurtitako penaltia, baina Yerayk garaipenaren gola sartu du azken minutuetan.

Yeray bere gola ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek garaipena lortu du Sevillaren aurka (0-1) igande honetan Sanchez Pizjuanen jokatu den EA Sports Ligako 28. jardunaldiko partidan. Nylandek gelditu egin du Vesgak jaurtitako penaltia, baina Yerayk garaipenaren gola sartu du azken minutuetan.

Partida Sevillaren kontrolpean hasi da, baina lehen gerturatzeak Athleticek egin ditu, presioa oso goian eginda. Berenguerrek beldurra sartu die aurkariei langan jo duen falta jaurtiketa baten bidez, Nylandek baloia eskuarekin area kanpoan ukitu ondoren.

Pixkanaka, etxekoak nagusitzen joan dira eta arrisku gehiago sortu dute, batez ere Ejukeren hegaletik, ahal izan duen bakoitzean Gorosabel gainditzen saiatu baita. Gainerakoan, norgehiagoka oso parekatua izan da lehen zatian, eta atzelariek argi eta garbi gainditu dituzte aurrelariak.

Atsedenaldira joan aurretik, baina, zuri-gorrien erdiraketa batean, Saulek eskuarekin ukitu du baloia area barruan, eta epaileak, jokaldia VARean berrikusi ondoren, Athleticen aldeko penaltia adierazi du. Vesgak penaltia bota du, baina Nylandek baloia nora zihoan asmatu dio eta gelditu egin du.

Bigarren zatia ere Sevillaren nagusitasunarekin hasi da. Unai Simon funtsezkoa izan da minutu horietan, eta hainbat geldiketa egin behar izan ditu Lukebakio eta Ejuke protagonista izan dituzten erasoetan.

Jokoaren gidoia aldatzeko asmoz, Valverdek Galarreta, Nico eta Maroan zelairatu ditu Vesga, Unai Gomez eta Guruzetaren ordez. Iñaki Williams izan da zortea probatu duen hurrengoa, korrika ihes eginda atezainarengana iritsi arte, baina defentsak azken unean eten du erasoa. Hala ere, jokaldiak ez zuen balio, jokoz kanpo zegoela abiatu baita.

Maroanek eta Williamsek jokaldi ona egin dute, eta Iñakiren jaurtiketarekin amaitu da, baina Nylandek sendo eutsi dio baloia sare barrura ez iristeko.

Partida golik gabe amaituko zela zirudien, baina 84. minutuan Yerayk buruz errematatu du Berenguerrek ateratako falta bat eta sare barrura bidali du baloia,  garaipena zuri-gorriei emateko (0-1).

Fitxa teknikoa:

0 - Sevilla: Nyland; Carmona (Idumbo, 87. min), Bade, Kike Salas, Pedrosa; Sow (Akor Adams, 83. min), Agoume; Lukebakio, Saul Ñiguez (Sambi Lokonga, 46. min), Ejuke (Ruben Vargas, 66. min); eta Isaac Romero (Juanlu, 66. min).

1 - Athletic: Unai Simon; Gorosabel, Unai Nuñez, Yeray, Lekue; Prados (Jauregizar, 60. min), Vesga (Ruiz de Galarreta, 60. min); Iñaki Williams, Unai Gomez (Nico Williams, 60. min), Berenguer (Yuri, 90. min); eta Guruzeta (Maroan Sannadi, 70. min).

Gola: 0-1, 84: Yeray Alvarez.

Epailea: Juan Luis Pulido Santana. Txartel horia atera die Nyland, Sow, Saul Ñiguez, Agoume, Berenguer eta Unai Gomez jokalariei.