Europa Liga
Espedientea zabaldu diote Athletici, Erromaren aurkako San Mameseko partidan izandako istiluengatik
EITB MEDIA
Hain zuzen ere, UEFAk zehapen-espedientea zabaldu dio Bilboko klubari hilaren 13an jokatutako partidarekin lotuta San Mamesetik kanpo izandako istiluengatik, eta Erromako zaleek ebakuazio bideak okupatzeagatik.


Athletic-Erroma partidaren egunean, istiluak izan ziren Bilbon. Argazkia: EFE.
UEFAk zehapen-espedientea zabaldu dio Athletici hilaren 13an jokatutako Athletic-Erroma Europa Ligako partidarekin lotuta San Mamesetik kanpo izandako istiluengatik, eta Erromako zaleek ebakuazio bideak okupatu zituztelako, Bilboko klubak astearte arratsaldean iragarri duenez.
Argitaratutako prentsa oharrean, euskal klubak zehaztu du UEFAk, bere komunikazioan, San Mameseko zabaldegian bengalak eta objektuak jaurti zirela adierazten duela, eta, halaber, estadioaren barruan eta Erromako zaleen inguruan euren sektoreetako eskailerak okupatu zituztela.
"Orain", azaldu du Bizkaiko klubak, "epe bat zabalduko da, Athleticek behar duen dokumentazio argigarria aurkez dezan. Behin epe hori amaituta, UEFAk Athleticek emandako azalpen eta proben arabera erabakiko du".
Hala, zehapen espedientea Athletic-Erroma partidarekin lotutako istiluen gainekoa da. Neurketa aurreko ostegunean jokatu zuten, Bilbon, San Mamesen, Europa Ligako final zortzirenetan; itzuliko norgehiagoka izan zen. Athleticek 3-1 irabazi zuen, eta, horrenbestez, final laurdenetarako sailkatzea eskuratu zuen; kanporaketa horretan, Rangers FC taldea izango du aurkari talde zuri-gorriak.