Elkarrizketa
Asier Ormazabal: 'Titulua etxean irabaztea bereziagoa da'
Andoni Beldarrain
Erredakzioa
Puertollanok Federazio Kopa irabazi zuen ostegunean Arlonagusian jokatu zen finalean Lemoa gaindituta. Ormazabal da talde honetako euskal jokalari bakarra.
Asier Ormazabal (Bilbo, 21-10-1982) Puertollano taldean jokatzen ari den euskal jokalari bakarra da eta denboraldi oso ona burutzen ari da Ciudad Realeko talde honetan. Bilbao Athleticeko jokalaria izandakoa da eta Athleticekin debuta egin zuen 2005ean Intertoto txapelketan. Ostegunean Federazio Kopa irabazi zuten Lemoa mendean hartuta eta eitb.com-ek jokalari bizkaitarrarekin hitz egiteko aukera izan du.
Zer nolako balioa du Federazio Kopa irabazteak?
Guretzat txapelketa garrantzitsua da. Talde honek gehiagotan irabazi du txapelketa hau eta garrantzia ematen zaio. Bigarren B Mailako eta Hirugarren Mailako taldeentzat garrantzitsua da sari ekonomikoa baitago jokoan (90.000 euro). Oso ondo etorri zaigu Federazio Kopa irabaztea horrela klubak zor digunaren zati bat ordaindu ahalko digu.
Joaneko partidan 0-2 irabazi zuen Lemoak. Nola planteatu zenuten itzulerako norgehiagoka?
Egia esan joaneko partidan oso ondo jokatu zuen Lemoak eta gu baino hobeak izan ziren. Azkar sartu zuten lehen gola eta guk gol aukeraren bat izan genuen arren merezita zuten garaipena. Iztulerako partidan argi geneukan ez genuela ezer galtzeke. Zalantzekin atera zen Lemoa eta guk horri etekina atera genion. Ezustean harrapatu genituen eta ondorioz irabazi egin genuen (1-4).
Bazenuten kanporaketa irauli eta titulua lortzeko itxaropenik joenkoan 0-2 galdu ondoren?
Bagenekien zaila izango zela. Lemoa talde ona da eta etxean, Arlonagusian oso zaila da ezustean harrapatzea. Hasieratik geneukan guztia ematera atera ginen eta argi zegoen gol bat sartuz gero kanporaketan sartuko ginela. Gauzak ondo atera zitzaizkigun eta azkenean partida eta titulua irabazi genituen.
Puertollanok ondo hasi zuen denboraldia, baina ondoren beherakada izan zuen. Zeintzuk dira arrazoiak?
Denboraldi hasieran talde oso sendoa geneukan eta Bigarren B Mailako IV. multzoko lehen postuetan izan ginen, sailkapenaren goialdean. Ondoren, ordea, arazo ekonomikoak izan zituen klubak eta jokalari garrantzitsu batzuk joan egin ziren. Gabonen ostean harrobiko jokalariak hasi ziren lehen taldean sartzen eta orain sailkapenaren erdialdean gaude eta mailari eustea ia lortuta dugu. Mailari eustearen helburua beteta eta Federazio Kopa irabazita denboraldia ez dela txarra izan esan dezakegu.
Puertollanoko euskal jokalari bakarra zara eta zure herrialdean irabazi ahal izan duzu titulua. Nolakoa izan zen finalaren eguna?
Oso pozik egon nintzen hona netorrelako. Bilbokoa naiz eta bertan izan genuen hotela. Familiarekin goiza pasatzeko denbora izan nuen. Ondoren, Bizkaiko zelai baten jokatzeak ere ilusioa egin zidan. Lagunak doaz partida ikustera, familia ere eta hori pozgarria da etxetik kanpo zaudenean ez baitituzu nahi adina ikusten. Zu ere motibatuago zaude maite duzun jendeari ez diozulako huts egin nahi. Pena ematen didan gauza bakarra, Lemoari, euskal talde bati irabazi izana da. Nahiagoko nuke hemengoa ez den beste talde bati irabazi izana Lemoan lagunak baititut eta jende ezaguna ere.