Itxi

Beharrezko kopurua, lortuta

Oviedo ez da desagertuko

Erredakzioa

Asturiaseko taldeak espero ez zituen diru-sarrerak jaso ditu. Salbazioa lortzeko beharrezkoak ziren 1.905.000 eurotatik, 1.143.000 eurora jaitsi da kopurua, eta helburua lortuta dago.

20.000 pertsona izan ziren Carlos Tartieren Oviedok jokatu zuen Bigarren B Mailako azken partidan. Argazkia: EFE

Real Oviedo ez da desagertuko. Talde asturiarrak kapital-zabalkuntza prozesua zabaldu zuen desagertzea eragozteko. Bi milioi euroko kopurua lortu behar zuen azaroaren 17a baino lehen, eta kontu-ikuskaritza batek adierazi duenez, klubak kontabilizatu gabeko diru-sarrerak izan zituen. Horrenbestez, Real Oviedo mantendu egingo da.

1.905.000 euro behar zituen Oviedok desagerpena eragozteko, baina kontu-ikuskaritzak aurkitutako diru-sarreren ondorioz, 1.143.000 eurora murriztu zen salbazioa lortzeko kopurua. Diru kantitate hori, lortuta dago jada.

Auditoriak egindako azterketaren ondorioz, 30.300 euroko balantze negatiboa izatetik, 350.500 euroko balantze positiboa izatera pasa zen klub asturiarra, aurkitu ziren diru-sarrerengatik. Valentziak Juan Mata Chelseari saltzeagatik Oviedok dirua jaso behar izan zuen, eta balantzean kotabilizatu. Kantitate hori Gizarte Segurantzak enbargatuta du, baina balantzean kontabilizatu beharrekoa zen. Bigarren diru-sarrera, Asturiaseko Gobernuarekin sinatutako publizitate kontratu baten ondorioz kontabilizatu beharrekoa da.

Oviedok lortu du ez desagertzeko beharrezkoa zuen kantitatea, baina Fidalgo presidenteak esan duenez, kaudimena lortzeko beharrezkoa da, gutxienez 2,5 milioi euroko kopurura iristea.