Hypermotion Liga
Eibarrek hiru puntuak bildu ditu Andorra garaituta, norgehiagoka landu batean (2-0)
EITB Media
Talde armaginak bigarren zatian egin ditu bi golak. Aurrea hartu du Cuberoren golari esker, eta Javi Martinezek egin du bigarrena.
Corpas Andorrako jokalariez inguratuta, partidako une batean. Argazkia: SD Eibar
Eibar 2-0 gailendu da Andorraren kontra Ipuruan, Hypermotion Ligako laugarren jardunaldian. Horrela, Beñat San Josek zuzentzen duen taldea sailkapeneko zazpigarren postura igo da, zazpi puntu bilduta, Andorrako taldea geratzen den puntu kopuru berberarekin.
Laburpena: Eibar-Andorra (2-0)
Lehen zati entretenigarri, orekatu eta bizi batean, Eibarrek aukerarik argiena izan du, 28. minutuan epaileak adierazitako penalti batean. Hala ere, Corpasek ezin izan du Ratti Andorrako atezaina gainditu, armaginaren jaurtiketa gelditu baitu.
Corpasek jaurtitako penaltia
Minutu bat lehenago, epaileak beste penalti bat adierazi du, baina azkenean baliogabetu egin dute, aurretik jokalari armagina jokoz kanpo zegoelako.
Armaginek ondo hasi dute bigarren zatia, eta 53. minutuan aurreratu dira Cuberoren golari esker, Andorrako atezainaren aldaratzea aprobetxatuta.
Ibai Gomez Athleticeko jokalari ohiak zuzentzen duen taldeak erreakzionatu eta aukera ona izan du 68. minutuan, baina Magunagoitiak geldiketa bikaina egin du Kim Min-Suren jaurtiketa pozoitsua kornerrera bidaltzeko.
Javi Martinezek armaginen bigarren gola egin du 79. minutuan, areaz kanpotik egindako jaurtiketa baten bidez. Andorrako atezain argentinarrak kale egin du, eta baloiak eskuetatik irrist egin dio, eta mantso-mantso sartu da atean. Lehentxeago, Printzerriko futbol taldeak zutoinera bidali du baloia korner bat atera ondoren egindako erremate batean.
Javi Martinezen gola
Fitxa teknikoa
2 - Eibar: Magunagoitia, Cubero, Arambarri, Marco Moreno, Buta, Sergio Alvarez, Aleix Garrido (Alvaro Rodriguez,75.m), Corpas (Toni Villa, 87.m), Magunazelaia (Javi Martinez, 75.m), Alkain (Bautista, 55.m) eta Guruzeta (Olaetxea, 75.m).
0 - Andorra: Ratti, Petxarroman, Gael Alonso (Alex Calvo, 60.m), Antal (Bombardo, 55.m), Imanol, Marc Domenech (Alvaro Martin, 80.m), Molina, Villahermosa, Olabarrieta, Lautaro (Manu Nieto, 55.m) eta Minsu (Uzkudun, 80.m).
Golak: 1-0, 54.m: Cubero. 2-0, 79.m: Javi Martinez.
Epailea: Manuel Jesus Orellana andaluziarrak Gael Alonso, Corpas, Aleix Garrido, Lautaro, Antal, Alvaro Martin eta Butari txartel horia atera die.
Nabarmentzekoak: 4.693 ikusle Ipuruan.