Itxi

2-1 Atleticoren kontra

Porrot mingarria jaso du Eibarrek Vicente Calderonen

Erredakzioa

Gaizka Garitanoren taldeak aurre egin dio liga txapeldunari eta gehiago merezi izan du, baina ezin izan du punturik lortu.

Atletico-Eibar. Argazkia: EFE

Eibarrek denboraldiko aurreneko porrota jaso du, Atleticoren aurka, Vicente Calderonen, galduta (2-1). Armaginek joko eta irudi ona eskaini dute eta askoz gehiago merezi izan dute.

Emozio handikoa izan da Calderoneko lehen zatia. Etxekoek laster lortu dute markagailuan aurre hartzea, Mirandak 11. minutuan buruz sartu baitu gola. Armaginak ondo ari ziren, baina estrategia jokaldietan mina egiten ari zen Simeoneren taldea.

24. minutuan Atleticoren bigarren gola egin du Mandzukicek, geldikako beste jokaldi batean. Dena den, lanean jarraitu dute gipuzkoarrek eta 32.ean aldea murriztu dute, Abrahamek sartutako gol ikusgarriari esker (2-1).

Eibarrek ez du lehen zatian amore eman, eta bigarrenean ere bide horri jarraipena eman dio. Atletico deseroso zegoen, lotsarik eta beldurrik gabe ari zen Eibarren kontra.

Madrildarrak, erabat galduta eta Eibar izan da arriskuko jokaldiak sortu dituen taldea. Atleticok abantailari eustea zuen helburu, baina armaginek bigarren gola nahi zuten. Eta lortzeko gol-aukerak izan dituzte.

86. minutuan berdinketaren gola egiteko urrezko abagunea izan du Angelek, baina gaizki eman dio eta baloia kanpora joan da. Lan bikaina egin duen arren, esku hutsik itzuliko da Eibar.

Fitxa teknikoa:

2 - Atletico Madril: Moya; Juanfran, Miranda, Godin, Siqueira; Raul Garcia, Gabi, Mario, Koke; Griezmann (Rail Jimenez, 60') eta Mandzukic (Saul Ñiguez, 64').

1 - Eibar: Xabi Iruretagoiena; Boveda, Albentosa, Raul Navas, Abraham; Errasti, Dani García (Saul Berjon, 82'); Capa (Nieto, 62'), Arruabarrena (Manu del Moral, 73'), Javi Lara; eta Angel.

Golak:

1-0, 11': Miranda.

2-0, 25': Mandzukic.

2-1, 34': Abraham .

Albisteak (2)