Itxi

Liga BBVA

Eibar punturik gabe geratu da Malagan

Mikel Dominguez | eitb.eus

Azken orduko penalti batek erabaki du berdinduta bukatu behar zuen borrokaren irabazlea. Etxekoak denboraldiko unerik onenean daude. Arruabarrena, Juanmi eta Amrabat (penaltiz), goleatzaileak.

Arruabarrena eta Camacho / EFE.

Eibarrek azken minutuetan galdu du kontrolpean zuen partida bat. Raul Navasek eskuarekin ukitu du area barruan, eta penalti-jaurtiketa bidez lortu ditu hiru puntuak Malagak, armaginek Rosaledan irudi ona erakutsi arren.

Lehenengo zatia Malagarena izan da, hasieran eta amaieran izan ezik. Lehen minutuetan, Eibarrek beharrezko intentsitatea eta erritmoa jarri dio partidari, eta lehenbiziko aukera sortu du, jokoz kanpo sartutako gol bat, hain zuzen, 3. minutuan. Laster, bi taldeen arteko joan-etorrien segida bihurtu da neurketa.

Malagak, aldiz, baloia eskuratu, gorde eta jokoaren agintea lortu du. Aurrean, Eibar ordenatuta egon da zelaian, eta Irureta atezainari gauzak asko erraztu dizkiote atzelariek. Defentsaren lan onak Malagaren nagusitasunaren ondorioz sortutako aukerak uxatu ditu.

Eibar deseroso heldu da lehenengo zatiko bukaerara, baina lehenengo gola egin du. Arruabarrenak aurretik jarri du Eibar atsedenaldira iritsi baino lehen, Miguel Torresen opari bat aprobetxatuta.

Bigarren zatia lehenengoa bezala hasi da, baina Malagaren gola laster heldu da. Iruretaren aldaratze bat heldu zaio Juanmiri, eta ez du partida parekatzeko gola sartzeko arazorik izan.

Golaren ostean, lehenengo zatiko gidoia errepikatu da: intentsitate eta erritmo bizia, eta joan-etorri ugari. Bien arteko borroka nahiko berdinduta joan da. 75. minutuan, Arruabarrenak partidako abagunea huts egin du. Dani Nietoren jokaldi baten ostean, armaginak gora bidali du baloia, atezainaren aurrean bakar-bakarrik zegoela.

Zoritxarreko jokaldi batean, Raul Navasek eskuarekin ukitu du area barruan, eta horrek jarri du balantza Eibarren kontra. Atzelaria kalera joan da gainera, bigarren txartel horia ikusita. Amrabatek garaipenaren gola sartu du, penaltiz, eta hiru puntuak eman dizkio Malagari.

FITXA TEKNIKOA

Malaga: Kameni; Miguel Torres, Angeleri, Weligton, Boka; Samu Garcia (Horta, 62. min), Darder (Recio, 90. min), Camacho, Samu Castillejo; Amrabat eta Juanmi (Luis Alberto, 77. min).

Eibar: Irureta; Boveda, Albentosa, Raul Navas, Lillo; Capa, Dani Garcia, Errasti (Lekic, 90. min), Manu del Moral (Javi Lara, 56. min); Arruabarrena eta Saul Berjón (Dani Nieto, 72. min).

Golak: 0-1, 41. min: Arruabarrena. 1-1, 52. min: Juanmi. 2-1. 89. min: Amrabat (p).

Albisteak (3)