Ipuruan
Eibarrek garaipenari eutsi dio, azken minutuetan sufrituta (2-1)
Leire Etxazarra | eitb.eus
Kopan gertatutakoaren errebantxa hartu eta armaginak Getaferi gailendu zaizkio Ipuruan, Manu del Moralek eta Ander Capak sartutako golei esker. Diego Castrok aldea murriztu du amaierarako 10 minutura.
Sufrituta baina garaipena lortu du Eibarrek Ipuruan, Getaferen aurka jokatutako partidan. Gipuzkoarrek puntuan pilatzen jarraitzen dute, Lehen Mailan ari diren estreinako denboraldian. Garitanok Albentosa hasierako hamaikakoan sartu du, eta Mikel Arruabarrena, aldiz, aulkian geratu da.
Lehen minutuetan joko sistemak izan dira nagusi, atzeko lerroek eraso saiakera apurrak saihestu dituzte, eta, ondorioz, futbol gutxi ikusi dute Ipuruan bildu diren zaleek. Aukera oso gutxi izan dira, argiena Piovaccari italiarrak 6. minutuan izan duena, baina area barrutik egindako errematea kanpora joan zaio, gutxigatik.
Lehen ordu erdiaren ostean, Eibar partidako kontrola hartzen joan da, apurka-apurka. Eneko Bovedak gola egiteko beste aukera bat izan du 28. minutuan: area txikian jokaldia egin du durangarrak, baina bere erremateak Velazquezen jo du.
Handik bost minutura, 32.ean, iritsi da gipuzkoarren lehen gola. Dani Garciak falta bat atera du, baloia Manu del Morali iritsi zaio eta honek Getafeko atezaina gainditu du. Gol ederra eta jokaldi ederra Garitanoren gizonek egin dutena.
Getafek ezer gutxi egin du erasoan lehen zati osoan. Azken minutuetan, hala ere, arriskua sortu dute, Pedro Leonek egindako jokaldi pare batean, baina ez dute azken metroetan asmatu. 1 eta 0ekoa bidezko emaitza izan da Eibarrentzat atsedenaldian.
Caparen gola
Bigarren zatia hasi eta berehala, Eneko Boveda madrildarren arean erori da, baina epaileak txartel horia atera dio bizkaitarrak bere burua bota duela argudiatuta.
Eta 50. minutuan etxekoen bigarren gola iritsi da: baloia Getaferen arean sartu da, Ander Capak errematea egin du, Velazquezek huts egin du aldaratzean, eta Capak, bigarren saioan, baloia atean sartu du.
Dena erabakita zegoela zirudienean, Diego Castrok sekulako gola sartu eta markagailuko aldea murriztu du. Azken minutuak luze eta sufrituta joan zaizkie eibartarrei, baina sendo aritu dira eta hiru puntuak Ipuruan geratu dira, Raul Albentosaren agurrean.
Fitxa teknikoa:
2 - Eibar: Xabi Iruretagoiena; Bóveda, Albentosa, Raúl Navas, Lillo; Errasti, Dani García; Capa, Manu del Moral (Arruabarrena, 68. min), Saúl Berjón (Javi Lara, 86. min); eta Piovaccari (Abraham, 73. min).
1 - Getafe: Codina; Valera (Sarabia, 57. min), Naldo, Velázquez, Roberto Lago; Juan Rodríguez, Alexis (Yoda, 89. min); Pedro León, Sammir, Fredy Hiniestroza (Diego Castro, 70. min); eta Alvaro Vázquez.
Golak: 1-0. 32. min. Manu del Moral; 2-0. 50. min. Capa; 2-1. 79. min. Diego Castro.