Itxi

Madrigalen

Bosgarren porrota jarraian, Eibarrentzat (1-0)

Leire Etxazarra | eitb.eus

Vila-real jaun eta jabe izan dira, batez ere lehen zatian, eta armaginek ezin izan dute azken asteetako bolada txarrarekin amaitu.

Manu del Moralek aurpegia babestuta jokatu behar izan du. Efe.

Eibarrek burua altxa ezinda jarraitzen du eta beste porrot bat hartu du, bosgarrena, oraingoan Vila-realen aurka Madrigalen jokatutako partidan. Armaginek ez dute partida txarra egin, baina Marcelinorenak nagusi izan dira eta merezita irabazi dute.

Lehen ordu erdian Vila-real jaun eta jabe izan da El Madrigaleko berdegunean. Marcelinoren taldea behin eta berriro iritsi da Iruretaren inguruetara, eta arriskua sortu du, armaginak atzean sartuta egon arren. Campbell izan da Eibarren amesgaiztoa.

Etxeko taldeak aukera ugari izan ditu, baina gehienak ez oso argiak, eta, zorionez, ez dute baloia Iruretaren atean sartzen asmatu.

Morenok izan du Vila-realen aukerarik garbiena, 16. minutuan, baina gola egiteko dena alde izan duenean, baloia gora errematatu du.

Atsedenaldirako ordu laurden falta zenean, Eibarrek hobera egin eta Vila-realek bultzada galdu du. Armaginen aukerarik argiena Manu del Moralek izan du, baina oso behartuta iritsi da eta errematea kanpora joan zaio.

Bigarren zatia hasi eta berehala, armaginen defentsak huts ikaragarria egin du eta etxeko taldea gola sartzear izan da, baina Gioren errematea kornerrera joan da.

Talde horiak erasoan jarraitu du, baina lehen zatian erakutsitako freskotasunik gabe.

Viettoren gola

Hala ere, ekinak saria izaten du, eta Marcelinoren taldeak gola egin du 71. minutuan, Iruretaren laguntzarekin. Vietto argentinarra izan da golegilea, zelaira atera ostean ukitu duen lehen baloian.

Handik sei minutura, Eibarko atezainak Moi Gomezek bigarrena egitea saihestu du sekulako geldiketa eginez.

Ezer gutxi gehiago gertatu da El Madrigaleko berdegunean. Eibarrek ez du punturik lortu eta sei partida daramatza garaipenik lortu gabe: berdinketa bat eta sei porrot. Datorren astean derbia dute Athleticen aurka.

Fitxa teknikoa:

1 - Vila-real: Asenjo; Rukavina, Eric Bailly (Musacchio, 67. min), Dorado, Jaume Costa; Campbell (Cheryshev, 68. min), Sergio Marcos, Jonathan dos Santos, Moi Gómez; Giovani eta Gerard (Vietto, 68. min).

0 - Eibar: Irureta; Bóveda, Navas, Añibarro, Ekiza (Dani Nieto, 78. min), Lillo (Didac, 86. min); Capa, Dani García, Javi Lara, Manu del Moral (Lekic, 71. min); eta Arruabarrena.

Gola: 1-0, 71. min: Vietto.

1. min: Vietto.

Albisteak (3)