Porrota Ipuruan
Eibar galtzaile atera da, markagailuan aurrea hartu duen arren (1-2)
Leire Etxazarra | eitb.eus
Arruabarrenak penaltiz egin du partidako lehen gola, baina Rayok emaitza irauli du bi minutuan, atsedenaldira heldu aurretik. Armaginek 11 jardunaldi daramatzate jada partidarik irabazi gabe.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eibarrek porrot mingarria jaso du Ipuruan, Rayo Vallecanok partida bi minututan iraulita. Armaginek aurrea hartu dute markagailuan Arruabarrenak penaltiz egindako golari esker, baina madrildarrek zaplastekoa eman diete, buruz egindako bi erremateren bidez, atsedenaldira iristear zeudela.
Eibarren jokoak behera egin du partiduak aurrera egin ahala. Lehen zatian Rayo baino hobeto aritu dira; sakontasun handiagoa erakutsi dute jokoan, eta erasora egiteko orduan. Baina madrildarren bi golak kolpe handiegia izan dira, eta bigarren zatian ezinean aritu da garitanoren taldea, azken bost minutuetan izandako aukera argiak kenduta.
Lehen 30 minutuetan aukerak armaginenak izan dira. Piovaccarik eta Bovedak izan dituzte argienak, 34. minutuan epaileak Piovaccariri egindako penalti argia adierazi duen arte. Arruabarrenak jaurti du eta aurretik jarri du etxeko taldea.
Momentu horretan, armaginek ondo bideratuta izan dute partida, baina pozak gutxi iraun die, bost minutu eskas. Lehen kolpea 38. minutuan iritsi da, Alberto Buenok armaginen atzelarien hutsa aprobetxatu du eta banakoa egin du, baloia buruarekin bikain errematatuta.
Handik bi minutura, Manuchok bigarrena egin du, buruz hori ere, Embarbak kornerra atera ostean. 1-2koarekin iritsi dira atsedenaldira, Eibarrek ez du emaitza hori merezi izan, lehen zatian Vallecaseko taldea baino hobeto aritu delako.
Bigarren zati kaskarra
Bigarren zati oso txarra jokatu dute bi taldeek, izan ere, ez da ia gol-aukerarik izan. Rayok, hala ere, neurketa erabakitzeko aukera pare bat izan ditu, baina Manuchok sekulako hutsak egin ditu Jaimeren aurrean bakar-bakarrik zegoenean.
Azken bost minutuetan, Eibarrek azken ahalegina egin du eta madrildarrak euren arean sartu ditu. Berdinketa lortzear izan dira armaginak, baina Manu del Moralek eta Raul Navaesek ez dituzte izandako aukerak aprobetxatu.
Porrot hau kontuan izanda, 11 dira dagoeneko Eibarrek irabazi gabe daramatzan jardunaldiak.
Fitxa teknikoa:
1. - Eibar: Jaime; Bóveda, Raúl Navas, Añibarro, Didac; Dani García, Errasti (Javi Lara, 63. min), Saúl; Arruabarrena (Lekic, 74. min), Capa (Del Moral, 63. min) eta Piovaccari.
2.- Rayo Vallecano: Cristian Álvarez; Insúa (Nacho, 37. min), Ze Castro (Morcillo, 81. min), Abdoulaye, Tito; Baena (Fatau, 60. min), Jozabed, Embarba; Alberto Bueno, Kakuta eta Batistao.
Golak: 1-0, 35. min: Arruabarrena, penaltiz. 1-1, 38. min: Alberto Bueno. 1-2, 41. min: Manucho.
min: Manucho.