Porrota
Celtak etekina atera dio Eibarren ezintasunari (0-1)
Leire Etxazarra | eitb.eus
Berizzoren taldea armaginak baino gehiago izan da, eta merezita eraman ditu hiru puntuak. Hala ere, partidako gol bakarra penalti bidegabe baten ondorioz egin du Nolitok.
Eibarrek ezin izan du Celta Ipuruan gainditu, eta hiru puntuek Vigo aldera ihes egin dute. Berizzok zuzentzen duen taldea hobea izan da, baina, hala ere, ez da gai izan partida erabakita uzteko, eta armaginak bizirik izan dira azken minutura arte. Nolitok egin du partidako gol bakarra, penaltiz, baina epaileak huts egin du San Minaren eta Didac Vilaren arteko jokaldian penaltia adierazita.
Armaginek partida eskasa egin dute, oso atzean jokatu dute eta berandu ibili dira presioa egiterakoan ere. Hori horrela, baloiaren jabetza Vigokoek izan dute, eta erraz aritu dira berdegunean, oztoporik gabe, batez ere bigarren zatian.
Lehen zatia gorabeheratsua izan da. Epaileak Celtaren aldeko penaltia adierazi du 22. minutuan, baina erabakian atzera egin du laguntzaileari kasu eginda. Handik gutxira, Celtaren gol bat baliogabetu du, Nolitok baloia eskuarekin ukitu duelako. Erabaki zuzena, hori ere.
Minutu bat geroago, baina, kale egin du, Eibarren aurkako penaltia dierazita. Santi Mina area barruan jausi da, eta epaileak Didac Vilaren falta egon dela adierazi du. Nolitok egin du jaurtiketa, eta baloia sare barrura bidali du. Emaitza bidezkoa zen, ordura arte ikusitakoa ikusita, baina gola bidegabea izan da.
Lehen zatia bukatu eta jarraian, iskanbila izan da bi taldeetako jokalarien artean, Cabralek burukada eman baitio Mikel Arruabarrenari.
Bigarren zatian, Garitanok Piovaccari eta Manu sartu ditu zelaian, Caparen eta Javi Lararen ordez, baina Celtak nagusi izaten jarraitu du. Armaginak nahi eta ezin ibili dira, eta galiziarrak, aldiz, eroso egon dira berdegunean, oso, partida kontrolpean zutela.
Vilak, langara
Hala ere, Eibar bizirik iritsi da partidaren azken minutuetara, eta Didac Vila berdinketa lortzeko zorian izan da areaz kanpotik egindako jaurtiketa bortitz baten bidez. Baloiak, baina, langa jo du, eta ez da ate barruan sartu.
Azkenean, 0 eta 1 galiziarren alde. Armaginek jaitsiera postuetan dauden taldeek baino hiru puntu gehiago dituzte. Datorren asteburuan Almerian jokatuko dute, datorren denboraldian lehen mailan jarraitzeko borrokan aurkari zuzenak izango duten talde baten kontra. Hil edo biziko partida izango da.
Fitxa teknikoa:
0 - Eibar: Xabi Iruretagoiena; Boveda, Lillo, Raul Navas, Didac Vila; Dani Garcia (Lekic, 67. min), Borja Fernandez; Capa (Manu del Moral, 46. min), Arruabarrena, Javi Lara (Piovaccari, 46. min); eta Saul Berjon.
1 - Celta: Sergio; Hugo Mallo, Cabral, Fontàs, Jonny; Krohn-Dehli (Radoja, 86. min), Augusto; Santi Mina (Pablo Hernandez, 70. min), Orellana, Nolito (Charles, 91. min); eta Larrivey.
Golak: 0-1. 39. min: Nolito, penaltiz.
lito, penaltiz.