Itxi

Erabakia

Eibarrek Lehen Mailan jarraituko du, Elx Bigarrenera jaitsi baitute

eitb.eus

Elxek maila galduko du jokalariekin eta Ogasunarekin zorrak dituelako, eta, ondorioz, Eibarrek Lehen Mailari eutsiko dio.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ligako epaileak Elx taldea Bigarren Mailara jaistea erabaki du "klubak Zerga Administrazioko Estatuko Agentziarekin dituen zorren eraginez". Ondorioz, Eibar Lehen Mailara itzuliko da.

Bigarren Mailara jaisteaz gain, epaileak 180.000 euroko isuna jarri dio Alacanteko taldeari, "arau-hauste oso larriak" egiteagatik.

"Gizarte Diziplinako epaileak Elx taldeari maila galtzeko zigorra jartzea erabaki du, aurreko denboraldiko jokabide bera izateagatik; izan ere, aurreko denboraldian eta denboraldi honetan zigorra jaso du, arau-hauste oso larriak egiteagatik, Kirol Legean eta Ligaren Gizarte Estatutuen arabera. Halaber, eta zigor osagarri gisa, 180.303,63 euroko isuna jarri dio", Ligak komunikatu baten bidez zabaldu duenez.

Horrela, Elxek jaso ahal zuen albisterik txarrena jaso du, Ligak 28/2014-15 espedientea ireki ondoren, taldeak Ogasunarekin zorrak izaten jarraitzen zuelako.

Gainera, epaileak argi utzi duenez, Alacanteko taldeak "Zerga Administrazioko Estatuko Agentziarekin zor likidoa izaten jarraitzen du, epez kanpo eta eskatzeko moduan", eta "Zerga Administrazioak berak esan duen moduan, zor hori ez dago ez ordainduta, ez atzeratuta, ez bermatuta".

Elxek Ogasunarekin akordioa zuela esan zuen

Juan Anguix Elxeko presidenteak Ogasunarekin akordioa zuela esan eta bi egunera iritsi da Ligako epailearen erabakia. Haren esanetan, tratua egin zuten zorra oso-osorik "abuztuaren 1a baino lehen" kitatzea bermatzeko.

"Likidoa egin dugu. Ogasunak likido egin dezake oraintxe bertan, zor-agiri adostua baita. Ez dago atzera egiterik, Elxek ordaindu egingo du. Ez dugu pentsatu ere egin nahi Lehen Maila ez den beste batean jokatzea", esan zuen asteazkenean emandako prentsaurrekoan.

Errekurtsoa

Horrez gain, maila galduz gero, Kirol Auzitegi Administratibora joko duela iragarri zuen. Elxek Lehen Mailan utzitako hutsunea Eibarrek beteko du, epailearen erabakia indarrean sartzen denean.

Albisteak (2)

Bideoak (1)