Itxi

2. jardunaldia

Eibarrek nagusitasunez irabazi dio derbia Athletici (2-0)

Leire Etxazarra | eitb.eus

Armaginak jaun eta jabe izan dira, eta erraz gailendu dira Saul Berjonek eta Adrianek egindako golei esker. Lehoiak oso makal aritu dira; jaurtiketa bakarra egin dute hiru zutoinen artean.

Eibarreko jokalariak, Saul Berjonen gola ospatzen. Efe.

Eibarrek lehen aldiz irabazi dio Athletici, Ipuruako derbian nagusitasun osoz gailenduta. Armaginak bilbotarrak baino gehiago izan dira; nabarmen, gainera. Valverderen taldea motel aritu da, sakontasunik gabe, eta Riesgo Eibarreko atezaina lasai asko ibili da neurketa osoan. Hasierako hamaikakoan jarri du gaur Mendilibarrek, Iruretaren ordez.

Partidako lehen minutuetan, Athleticek izan du baloiaren kontrola, baina lehoiek ez dute arriskurik sortu. Apurka-apurka, etxeko taldea jokoaren kontrola hartzen hasi da, eta gol-aukera arriskutsuak sortu ditu. Saul Berjonek eta Dos Santosek oso gertu izan dute lehen gola egitea.

Hala ere, Ipuruako zaleek ez dute gola ospatzeko asko itxaron behar izan. 33. minutuan, Laporte nahasi egin da, Enrichek baloia lapurtu dio eta Athleticeko atzelariak penaltia egin dio, argi eta garbi. Saul Berjonek jaurti, eta Iraizoz gainditu du.

Bigarren zatian, Valverdek Susaeta eta Merino sartu ditu, Lekueren eta Ibairen ordez. Alferrik. Bilbotarrek erasora jotzeko gogo handiagoa erakutsi dute, baina dinamismo eta ideiarik gabe.

Armaginek arriskua sortzen jarraitu dute, eta Adrian Gonzalezek bigarren gola egin du 61. minutuan, ezkerretik ateratako korner bat buruz errematatuta.

Jaurtiketa bakarra

Atezain nafarrak Athleticek gol gehiago hartzea saihestu du, bera izan da Eibarren bultzadari aurre egin dion bakarrenetarikoa. Bizkaitarrek ez dute amore eman, saiatu egin dira, baina presaka eta ernegatuta, eta horrela ezinezkoa da gauzak fundamentuz egitea. Datu esanguratsu bat: 85. minutuan egin dute hiru zutoinen artera joan den erremate bakarra.

Azkenean, 2-0 Eibarren alde. Ondo merezitako garaipena. Jose Luis Mendilibarren taldeak orain arte jokatutako bi jardunaldiak irabazi ditu; sei puntu ditu, beraz. Athleticek, berriz, ez du punturik, eta datorren asteburuko atsedenaldia ondo aprobetxatu beharko du erakutsitako gabeziak konpontzeko.

Fitxa teknikoa:

2 - Eibar:
Riesgo; Capa, Dos Santos, Ramis, Antonio Luna; Escalante, Dani García; 'Keko' Gontán, Adrián (Arruabarrena, 77. min), Saúl Berjón (David Juncá, 74. min); eta Sergi Enrich (Borja 'Bastón', 83. min).

0 - Athletic:
Gorka Iraizoz; Bóveda, Etxeita, Laporte, Lekue (Susaeta, 46. min); Elustondo, Beñat; De Marcos, Eraso (Aketxe, 61. min), Ibai Gómez (Sabin Merino, 46. min); eta Aduriz.

Golak:
1-0. 33. min. Saúl Berjón (penaltiz); 2-0. 61. min. Adrián

Albisteak (4)