Igandean, 20:30ean
Eibar lehen postuan jarraitzeko asmoarekin doa Rosaledara
Agentziak | Erredakzioa
Andaluziarrek ez dute garaipenik lortu lehen bi jardunaldietan, eta puntu bakarra darama sailkapenean, baina itxura ona eman du Ligako hasiera honetan.
Eibar lehen postuan jarraitzea du xede Malagaren aurkako Rosaledako partidan (igandean, 20:30ean). Armaginek Javi Gracia entrenatzaile nafarrak zuzentzen duen taldea izango dute aurkari, andaluziarrek ez dute oraindik garaipenik lortu eta puntu bakarra dute sailkapenean, baina itxura ona eman dute Ligako lehen bi partidetan.
Partida berezia izango da Raul Albentosa Malagako atzelariarentzat; izan ere, Eibarren aritu zen urtarrilera arte. Orduan Ingalaterrako Derby County taldera joan zen, eta Rosaledako taldean dago orain, Derby Countyk utzita. Halaber, orain dela bi urte Osasunan egondako bi entrenatzaileak izango dira aurrez aurre: Jose Luis Mendilibar, kanporatu zutena, eta Javi Gracia, haren ordezkoa.
Garaipena lortuz gero, lehen aldiz lortuko lituzke Eibarrek hiru puntuak Malagan. Armaginak liderrak dira; hain zuzen, Celtarekin daude berdinduta eibartarrak: seina puntu dituzte, eta bosna gol sartu dituzte eta bana jaso. Eibarrek, orain arte, 1-3 irabazi zuen Granadan, eta 2-0 Athleticen aurkako Ipuruako derbian.
Baliteke Mendilibarrek Athleticen aurkako hamaikakoa errepikatzea. Armaginek hiru baja dituzte: Xabi Iruretagoiena atezaina (lesioa du esku bateko atzamar batean) eta Jaime Jimenez, Lillo atzelariaz gain. Jorge Mediavilla bigarren taldeko atezaina deialdian sartu da, eta Asier Riesgoren ordezkoa izango da; Ligako lehen partidan ere aulkian eseri zen, Riesgo zigortuta baitzegoen.
Ustezko hamaikakoak:
Malaga: Kameni; Rosales, Albentosa, Angeleri, Boka; Amrabat, Recio, Tissone, Juan Carlos; Cop eta Charles.
Eibar: Riesgo; Capa, Dos Santos, Ramis, Antonio Luna; Escalante, Dani Garcia; Keko Gontan, Adrian, Saul Berjon; eta Sergi Enrich.
Epailea: Alberto Undiano Mallenco (Nafarra).
Futbol-zelaia: Rosaleda.
Ordua: 20:30ean, irailaren 13an (igandea)