Itxi

1-1

Puntu banaketa Eibarren eta Celtaren artean

Erredakzioa

Bana berdinduta bukatu da bi taldeek Ipuruan jokatu duten partida. Borja Bastonek egin du 1-0ekoa, bigarren minutuan. Iago Aspasek 76. minutuan sartutako golak eman dio berdinketa Vigoko taldeari.

Eibarrek eta Celtak bana berdindu dute Ipuruan. Argazkia: EFE

Eibarrek eta Celtak bana berdindu (1-1) dute Ipuruan jokatu duten BBVA Ligako seigarren jardunaldiko partida. Berdinketa honekin, armaginek bederatzi puntu dituzte, eta Celtak porrotik jaso gabe jarraitzen du, 14 punturekin. Vila-real eta Real Madril dira partidarik galdu ez duten talde bakarrak, Celtarekin batera.

Partida intentsitate handiarekin hasi dute bi taldeek, baina Eibarrek azkar hartu du arrea markagailuan. Borja Bastonek 1-0ekoa egin du, bigarren minutuan. Sergi Enrichek baloia ukitu du lehen zutoinean eta Bastonek ate aurrean ez du barkatu.

Gola jaso ostean Celta berdinketaren gola lortzen saiatu da, baina Eibar ere ez da atzean sartu. Asier Riesgok galiziarren gola eragotzi du Bongondarekin izan duen buruz burukoa ondo atera ostean. Lehen zatia amaitu baino lehenago, 38. minutuan, Borja Bastonek bigarren gola sartzeko aukera izan du, baina Sergi Gomez aurreratu egin zaio eta errematea kentzea lortu du. Horrenbestez, Eibar gol bateko aldearekin iritsi da atsedenaldira.

Bigarren zatia nahiko irekia izan da, eta bi taldeek golak sartzeko aukerak sortu dituzte. Orellanak eman du lehen abisua 51. Minutuan, baina bere jaurtiketa gutxigatik kanpora joan da. Armaginen erantzuna azkar etorri da. 58. minutuan, Inuik abagune argia huts egin du. Ate aurrean geratu da, eta jaurtiketa kanpora bidali du. Minutu bat beranduago, Sergio Alvarez Celtako atezainak erantzun bikaina eman dio Borja Bastonen jaurtiketa bortitzari.

Azken txanpan parekotasuna izan da nagusi, baina 76. minutuan, Celtak partida berdintzea lortu du. Jonnyk barnekaldi ona egin du hegaletik, ondo erdiratu eta Iago Aspasek ez du kale egin Riesgoren aurrean (1-1).

Celta gora etorri da berdinketaren gola sartu ostean eta Vigokoek agindu dute jokoan azken minutuetan. Eibarrek, ordea, ondo eutsi dio talde bisitariaren erasoko jokoari eta partida banako berdinketarekin bukatu da Ipuruan.

Fitxa teknikoa:

1 - SD Eibar: Riesgo; Capa, Dos Santos, Pantic, David Juncà; Dani Garcia, Adrián; Saul Berjon (Eddy Silvestre, 68. min), Borja Baston (Arruabarrena, 91. min), Inui (Verdi, 78. min); eta Sergi Enrich.

1 - Celta: Sergio; Jonny, Cabral, Sergi Gomez, Planas; Augusto, Radoja (Wass, 60. min), Pablo Hernandez (Iago Aspas, 46. min); Bongonda (Darazic, 74. min), Orellana, eta Nolito.

Golak: 1-0, 2. min, Borja Baston; 1-1. 75. min. Iago Aspas.

Epailea: Pedro Jesus Perez Montero.

Perez Montero.

Albisteak (3)