Igandean, 16:00etan
Eibarrek probetxua atera nahi dio Real Madrilen krisiari
Agentziak | Erredakzioa
Armaginek bolada onean hartuko dute Madrileko taldea. Txapeldunen Ligan irabazi badute ere, zuriek ez dituzte Ligako azken bi partidetako porrotak ahaztu.
Eibarrek Real Madril hartuko du Ipuruan, igandean 16:00etan. Armaginek bikain hasi dute Lehen Mailako bigarren denboraldia, eta seigarren postuan daude bolada onari esker. Madrileko taldeak Ligako azken bi partidak galdu ditu, Sanchez Pizjuanen (3-2) eta etxean Bartzelonaren aurka (0-4).
Eibar, 20 punturekin sailkapenaren goiko aldean, oso momentu onean dago. Helburua mailari eustea dute, aurrekontuagatik eta Lehen Mailan hasiberriak direlako: 14 garaipen, 13 berdinketa eta 23 porrot.
Armaginek ez dute alde batera utziko denboraldi honetan erakutsitako ausardia. Ez da talde erraza, bi partida baino ez dituztelako galdu, sailkapeneko lehenengo bien aurka: Bartzelona (3-1) eta Atletico Madril (0-2).
17 golekin, Eibar ia beti jartzen da aurretik, eta horrek gauzak zailtzen dizkie aurkariei. Aurreko denboraldian, baina, Real Madrilek lau gol sartu zizkion Ipuruan: Cristianok bi eta Jamesek eta Benzemak bana.
Keko zigortuta dago, eta Lillo eta Jaime Jimenez atezaina, lesionatuta. Ander Capa Mendilibarren taldera itzuliko da, zigorra beteta, eta Simone Verdi ere prest dago jokatzeko.
Real Madrilen, sentsazioak nahiko desberdinak dira. Ligako bi porroten ostean, Txapeldunen Ligan irabazi zuen, baina azken laurdenean jasotako hiru golek ez dituzte zalantzak uxatu.
Keylor Navas taldera itzuliko da, baita James Rodriguez ere. Benitezek arazoak izaten jarraitzen du atzean. Sergio Ramos eta Marceloren bajez gainera, Varanerena du orain. Nacho Fernandez izango da Peperen bikotea.
Casemiro ordezkoa izan zen Bartzelonaren aurka, eta Txapeldunen Ligan partida ona egin zuen. Benitezentzat beste zalantza bat.
USTEZKO HAMAIKAKOAK
Eibar: Riesgo; Capa, Dos Santos, Pantic, David Junca; Escalante, Dani Garcia; Takashi Inui, Borja Baston o Adrian, Saul Berjon; eta Sergi Enrich.
Real Madril: Keylor Navas; Carvajal, Pepe, Nacho Fernández, Danilo; Casemiro, Kroos, Modric; James, Bale eta Cristiano Ronaldo.