Santander Liga
Eibarrek emaitza irauli du Vila-realen aurka (2-1)
Agentziak | Erredakzioa
Mendilibarren taldean galtzen hasi da, Bruno Sorianok penaltiz lehen zatian sartutako golaren ondorioz. Ramisek eta Pedro Leonek egoerari buelta eman diote atsedenaldiaren ostean.
Eibarrek emaitza irauli dio Vila-reali Ipuruan jokatutako partida eta azkenean, armaginak, 2 eta 1 gailendu dira 10. jardunaldiko neurketan. Lehen gola Bruno Sorianok egin du, penaltiz, eta Ivan Ramisek eta Pedro Leonek bi gol egin dituzte ondoren, hiru puntuak Eibarren geratzeko.
Talde horiak baloiaren kontrola izan du lehen zatian. Jokoa oso lehiatua izan da. Armaginek kontraerasora jokatu dute, Fran Escrivaren taldea ezustean harrapatu nahian.
Lehen zatiaren amaieran, Florian Lejeunek falta egin dio Nicola Sansone alemaniarrari area barruan, eta epaileak penaltia adierazi du. Bruno Soriano kapitainak jaurti eta partidako lehen gola egin du.
Hala ere, golak ez ditu etxekoak urduri jarri, eta atsedenaldira iritsi aurretik berdinketa lortzeko aukera izan dute. Lejeunek izan du aukerarik argiena.
Atsedenaldiaren ostean ausart egin dute erasora, baina Asenjo atezainak geldiketa bikainak egin ditu eta Mendilibarren taldearen gola saihestu du.
Armaginek ekinak saria izan du 80. minutuan: Pedro Leonek falta atera du, baloia solte geratu da area barruan eta Ramisek Vila-realen atean sartu du baloia indartsu errematatuz.
Bigarrena, Pedro Leonek
Handik zazpi minutura, Pedro Leonek emaitza irauli du, Sergi Enrichen erdiraketa aprobetxatuz.
Gauzak horrela, Escribaren taldeak lehen denboraldiko lehen porrota jaso du Ligan eta 19 punturekin jarraitzen du sailkapenean. Eibarrek, berriz, hiru jardunaldiko bolada txarra etetea lortu du eta 15 puntu dauzka orain.
Fitxa teknikoa:
2. Eibar: Riesgo; Capa (Arbilla, 72. min), Ramis, Lejeune, Antonio Luna; Pedro León, Dani García, Fran Rico, Inui (Rubén Peña, 89. min); Kike García (Adrián, 79. min), eta Sergi Enrich.
1. Villa-real CF: Sergio Asenjo; Mario, Musacchio, Víctor Ruiz, Jaume Costa; Samu Castillejo, Bruno Soriano, Trigueros (Cheryshev, 90. min), Roberto Soriano (Jonathan Dos Santos, 67. min); Bakambu eta Sansone (Santos Borre, 78. min).
Golak: 0-1. 40. min. Bruno (penaltiz); 1-1. 79. min. Ramis; 2-1. 86. min. Pedro León.
AMAIERA | FINAL | FULL TIME#EibarVillarreal #EibarLive #AupaEibar ¿¿ pic.twitter.com/MboWlka27g
— SD Eibar (@SDEibar) 30 de octubre de 2016