0-4
Eibar Europako postuetarako lehian sartu da Valentzia jipoitu ostean
Erredakzioa
Armaginek 0-4 irabazi dute Mestallan Sergi Enrichek (bi gol), Adrianek eta Dani Garciak sartutako golei esker. 32 punturekin, seigarren postua eskuratzeko borrokan sartu da talde gipuzkoarra.
Eibarrek 0-4 irabazi dio Valentziari Mestallan eta Europako postuetan sartzeko borrokan sartu da bete-betean. Armaginek 32 puntu dituzte, eta LaLigako sailkapeneko zazpigarren postuan da, Espanyolekin (zortzigarren) eta Athleticekin (bederatzigarren) berdinduta.
Norgehiagokako lehen zatian Eibar izan da baloiaren jabe, baina bi taldeetako batek ere ez ditu abagune asko izan. Gola sartzeko lehen aurkera Valentziarena izan da; Zazaren errematea, oso gutxigatik kanpora joan da, 15. minutuan. Jarraian, Eibarren erantzuna etorri da; Arbillak kanpora bidali du jaurtiketa, zutoina urratuta. Lehen zatiaren erdialdea pasata, 28. minutuan, talde armaginak markagailuan aurrea hartzea lortu du Sergi Enrichek sartutako golari esker (0-1). Aurrelari espainiarrak oso ondo egin du errematea, buruz, area barruan. Bigarren gola sartzeko beste abagune on bat izan du Eibarrek, baina Lejeuneren errematea Alves atezainak gelditu du. Atsedenaldira iritsi orduko, lehen zatiko azken minutuan, epaileak Eibarren aldeko penaltia adierazi du, eta Solerri txartel gorria atera dio. Penaltia Adrianek jaurti du, eta ez du barkatu (0-2).
Bigarren zatian kontrolpean izan du partida Mendilibarrek zuzentzen duen taldeak. Valentzia ezinean ibili da jokalari bat gutxiagorekin eta 57. minutuan Dani Garciak gol ikusgarria sartu du boleaz (0-3) eta norgehiagoka erabakita utzi du. Hirugarren golaren ostean Eibar jaun eta jabe izan da, eta Valentziak bi gerturatze izan dituen arren, armaginek laugarren gola egitea lortu dute 77. minutuan. Sergi Enrichek sartu du 0-4koa. Amaierako minutuetan Orellanak aukera ona izan du Valentziarentzat, baina Yoel atezainak ondo desbideratu du txiletarraren errematea. Azkenean, garaipen garrantzitsua eskuratu du Eibarrek Mestallan.
Fitxa teknikoa:
0 - Valentzia: Diego Alves, Montoya, Garay, Mngala, Gay, Mario Suarez, Medran, Carlos Soler, Cancelo (Orellana, m.46), Zaza eta Santi Mina (Bakkali, m.73).
4 - Eibar: Yoel, Capa, Galvez (Ramis, m.15), Leujene, Arbilla, Escalante, Dani García, Pedro Leon, Adrian (Fran Rico, m.73), Sergi Enrich eta Ruben Peña (Bebe, m.79).
Golak: 0-1, m.28: Sergi Enrich, 0-2, m.45: Adrian, penaltiz. 0-3, m. 57: Dani Garcia, 0-4, m.77: Sergio Enrich.
Epailea: Munera Montero.