Berdinketa
Eibarrek Espanyolekin berdindu du Ipuruan (1-1)
Agentziak | Erredakzioa
Kike Garciak 19. minutuan egin du armaginen gola. Berdinketa, berriz, Juradok sartu du 49.ean, Mendilibarren taldea bere minuturik onenak jokatzen ari zenean.
Eibarrek eta Espanyolek bana egin dute Ipuruan jokatutako partidan. Bi taldeek helburu bera izan dute: garaipena lortzea, Europako postuetara gerturatzeko. Ez da horrelakorik gertatu eta puntu banarekin konformatu behar izan dute.
Lehen laurdenean, oreka izan da nagusi. Pedro Leonek hasi du lehen golaren jokaldia. Capak pasea eman dio, baloia ondo kontrolatu du eta erdiraketa lehen zutoinera bidali du. Kike Garcia ondo kokatuta egon da eta baloia kataluniarren atean sartu du, buruarekin errematea eginez.
Atsedenaldiaren aurretik Caicedok eta Gerad Morenok berdinketa egiteko aukerak izan dituzte, baina azken metroetan ez dira oso fin ibili, Mendilibarren taldearen zorionerako.
Bigarren zatian, Eibar hobeto atera da, baina gola Espanyolek egin du. 49. minutuan, Caicedok Ramisen hutsa aprobetxatu du, baloia lapurtu dio, eta pasea Juradori eman dio, partidako bigarren gola egiteko.
Eibarrek garaipena bilatu du, baina Espanyol ondo sartu da atzean eta zelai erdian ere presioa egin du. Kontraerasora ere atera dira, arriskua sortuz. Baina ez da gol gehiagorik izan eta, azkenean, puntu bana eraman dute.
Fitxa teknikoa
1 - Eibar: Yoel; Capa, Ramis, Lejeune, Arbilla; Pedro León, Escalante, Dani García; Inui (Bebé, 80. min); Kike García (Rubén Peña, 75. min) eta Sergi Enrich.
1 - Espanyol: Diego López; Javi López, Oscar Duarte, Diego Reyes, Aarón Martín; Hernán Pérez (Marc Roca, 65. min), David López, Diop (Víctor Sánchez, 51. min), Jurado; Gerard Moreno, eta Caicedo (Vázquez, 81. min).
Golak: 1-0. 19. min. Kike García; 1-1. 49. min. Jurado.
AMAIERA | FINAL | FULL TIME#EibarEspanyol #EibarLive #AupaEibar pic.twitter.com/zV2zb0h0ly
— SD Eibar (@SDEibar) 18 de marzo de 2017