0-4
Eibar Celtaren estrategian erori da
Erredakzioa
Talde armaginak 0-4 galdu du Ipuruan. Galiziarren lehen hiru golak estrategi jokaldien bitartez etorri dira. Cabral, Sisto, Hernandez eta Wass izan dira golegileak.
Eibarrek 0-4 galdu du Celtaren aurka Ipuruan Ligako seigarren jardunaldiko partida eta bigarren porrota jarraian jaso du talde armaginak. Azken bi partidetan 10 gol jaso ditu Mendilibarrek zuzentzen duen taldeak.
Norgehiagoka bizi hasi da Ipuruan, baina bi taldeetako batek ere ez du abagune argirik sortu lehen minutuetan. Hasierako ordu laurdenaren ostean Celtaren aldeko falta baten lortu du aurrea hartzea Galiziako taldeak. Pione Sistok erdiratu du falta eta Cabralek sare barrura bidali du errematea (0-1). Armaginen defentsako lerroa Celtako jokalariak jokoz kanpo uzten saiatu da, baina oso gaizki antolatu du estrategia hori. Bost minutu beranduago, beste estrategia jokaldi baten Pione Sistok erdiratu eta inork ukitu gabe sare barrura joan da baloia (0-2). Bigarren gola hartu ostean etorri da Eibarren erantzuna; Oliveirak zutoinera bidali du errematea 30. minutuan eta 36.ean Kike Garciak aukera argia huts egin du. Ondoren, Dmitrovic atezainak Celtaren hirugarren gola eragotzi du Hugo Malloren jaurtiketa desbideratuta, baina korner horretan Vigoko taldeak hirugarren gola sartu du Tucu Hernandezen bitartez (0-3).
Bigarren zatiari gogotsu eta aldeak murrizteko asmoz ekin dio Eibarrek, baina taldea ez da abagune argiak sortzeko gai izan. Celtak kontrolpean izan du neurketa eta minutuak aurrera joan ahala, talde bisitaria egin da baloiaren jabe. Ondorioz, 72. minutuan Wassek 0-4ekoa sartu du Hugo Malloren jokaldi ona bati amaiera bikaina emanda. Eibar ezinean ibili da azken minutetan partida osoan bezala eta Celtak nahiko garaipen erosoa lortu du.
Fitxa teknikoa:
0 - Eibar: Dmitrovic; Capa, Oliveira, Galvez, Cote (Junca, min. 46); Dani Garcia , Escalante; Bebe, Charles (Jordan, min. 62), Inui, Kike Garcia.
4 - Celta: Ruben; Hugo Mallo, Cabral (Fontas, min. 64), Sergi Gomez, Jonny; Lobotka, Wass, Tucu Hernandez (Jozabed, min.74); Iago Aspas, Maxi Gomez (Guidetti, min.75) eta Sisto.
Golak: 0-1, m. 17: Cabral. 0-2, m.23: Pione Sisto. 0-3, m.39: Pablo Hernandez. 0-4, m.72: Wass.
Epailea: Fernandez Borbalan.
.