Itxi

1-1

Eibarrek berdindu egin du Deportivoren aurka Riazorren

Erredakzioa

Armaginek bana (1-1) berdindu dute. Inuik eta Dmitrovicek bere atean sartu dituzte golak. Deportivok jokalari bat gutxiagorekin jokatu du 39. minututik, Koval atezainak txartel gorria ikusi baitu.

Lucas Perez eta Arbilla, Deportivo-Eibar (1-1) partidan. Argazkia: EFE

Eibarrek bana (1-1) berdindu du Deportivoren aurka Riazorren jokatu duen Ligako 27. jardunaldiko partida. Puntu hau gehituta, armaginek Europa Liga jokatzeko sailkapena ematen duen seigarren postua (Vila-real, 41 puntu), bi puntura dute.

Hobeto ekin dio neurketari Deportivok eta azkar sortu ditu lehen abaguneak. Lucas Perezek gola sartzeko aukera bikaina izan du 7. minutuan, baina Dmitrovicek oinarekin eragotzi du talde galiziarraren gola. Lau minutu beranduago, Eibar aurkariaren hutsaz baliatu da Inuriren bitartez 0-1ekoa sartzeko; Deportivoko defentsek kale egin dute, Orellanak pasea eman, Koval atezainak kale egin, eta Inuik gola sartu du. Neurketako 26. minutuan Orellana bera lesionatu egin da, eta 33. minutuan Deportivok partida berdindu du (1-1) Dmitrovicek bere atean sartu duen golari esker; Andoneren erremateak zutoina jo ostean Dmitrovicengan jo du, eta baloia sare barrura sartu da. Atsedenaldira iritsi aurretik, Koval atezainak txartel gorria ikusi du, areaz kanpo Joan Jordani egin dion sarrera gogor baten ostean.

Bigarren zati guztia jokalari bat gutxiagorekin jokatu du Deportivok. Eibarrek erasora jo du, baina Mendilibarrek zuzentzen duen taldea ez da fin ibili erasoko jokoan. Inuiren jaurtiketa desbideratu egin du Ruben atezainak, Joan Jordanen errematea ere gelditu du, eta Alejok ez du lortu atezaina ezustean harrapatzea. Deportivok ez dio arazorik sortu Eibarri, armaginek ez dute aurkariaren ate aurrean asmatu eta partida berdinduta amaitu da (1-1).

Fitxa teknikoa:

1 - RC Deportivo: Koval; Eneko Boveda, Albentosa, Sidnei, Fernando Navarro; Borges, Muntari (Krohn-Dehli, min.80); Lucas Perez, Çolak (Ruben Martinez, min.43), Adrian Lopez; eta Florin Andone (Bakkali, min.84).

1 - SD Eibar: Dmitrovic; Ruben Peña, David Lomban, Arbilla, Cote; Diop (Kike Garcia, min.60), Dani Garcia; Orellana (Pedro Leon, min.27), Joan Jordan, Inui (Ivan Alejo, min.74); eta Charles.

Golak: 0-1, min.11: Inui. 1-1, min.33: Dmitrovic, bere atean.

Epailea: Jaime Latre.

Albisteak (3)