DENBORALDI-AURREA
Eibarrek irabazi egin dio Swansea talde galestarrari (2-1)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pere Milla (43. min) eta Sergi Enrich (76. min) izan dira armaginen golegileak.
Eibarrek Austriako bere egonaldiko bigarren lagunartekoa jokatu du astearte honetan, Swansea talde galestarraren aurka. Astelehenean Turkiako Istambul Basaksehir (0-2) izan zuen aurrez aurre, eta, galdu egin bazuen ere, gaurkoan, irabaztea egokitu zaio (2-1). Swansea Premier League txapelketan aritu zen joan zen denboraldian; alabaina, mailaz jaitsi zen eta Championshipen arituko da 2018/2019an.
Norgehiagoka atsedenaldira iristear zela sartu dute armaginek euren lehen gola. Bigarren zutoinean adi zegoen Pere Millak Nanoren jaurtiketa gurutzatu bat aprobetxatu du bere taldea aurretik jartzeko (43. min).
Bigarren zatian, Eibarrek gauza berriak probatzen eta bere sasoi-puntua hobetzen jarraitu du. Bide horretan ibili da Sergi Enrich aurrelaria ere, joan zen denboraldiko azken herena zelaietatik kanpo eman zuena; izan ere, gola sartzeko gai izan da armaginek egindako jokaldi on baten ostean (76. min).
Galestarrek aldea murriztea lortu dute azken txanpan (Jordi Amat, 87. min); aitzitik, Eibarrek norgehiagoka poltsikoratzea erdietsi du.