Liga
Eibarrek eraberrituta eta mailari eusteko helburuarekin ekingo dio denboraldiari
Erredakzioa
Talde armaginean aldaketa asko egon dira, baina ohiko nortasunari eustea eta salbazioa lortzea izango ditu jomuga.
Eibar prest da 2018-2019 denboraldiari ekiteko, eta argi du helburua mailari eustea dela. Aldaketa batzuk egon dira taldean, baina betiko nortasunarekin jarraituko du, Jose Luis Mendilibarren aginduetara.
Atezainak iazkoak dira. Asier Riesgo, Marco Dmitrovic eta Yoel Rodriguez daude Eibarren atea zaintzeko. Ander Caparen eta David Juncaren irteerek kolokan utzi zuten hegaleko defentsa postua, baina eskuin hegaleko hutsunea beteta dago Jordi Calaverarekin, eta ezkerrekoan, Cotez gain Ruben Peñak eta Pablo Herviasek ere joka dezakete. Erdiko defentsa postuan Ivan Ramis, Alejandro Galvez, Paulo Oliveira eta Anaitz Arbilla jokalariek jarraitzen dute, eta Pedro Bigasen etorrerak indartu egin du postu hori.
Zelai erdian, Dani Garcia Athleticera joan zen, baina hutsune hori Sergio Alvarez ekarrita bete du Eibarrek. Sportingetik etorri den jokalariak Gonzalo Escalante, Pape Diop eta Joan Jordan jokalariekin lehiatu beharko du postu bat lortzeko.
Takashi Inuiren falta ere igarriko du Eibarrek. Japoniarra Betisek fitxatu du, eta jokalari garrantzitsua zen Mendilibarrentzat. Ivan Alejok ere taldea utzi du Getafera joateko. Hala ere, talde armaginak Marc Cardona fitxatu du, eta, besteak beste, Fabian Orellana eta Pedro Leon ditu hegaletan. Gainera, Bebe denboraldi-aurre ona egiten ari da, iaz Rayo Vallecanon utzita aritu ostean.
Aurrealdean, aldaketarik ez. Sergi Enrich, Kike Garcia eta Charles Dias izango dira Mendilibarrek zuzentzen duen taldearen aurrelariak.