Ostirala, 20:15ean
Getafe eta Eibar, lehen puntuen bila
Agentziak | Erredakzioa
Mendilibarrek Fabian Orellanaren baja izango du, eta Ruben Peñaren parte-hartzea kolokan dago.
Getafe eta Eibar Santander ligako bigarren jardunaldian arituko dira aurrez aurre, nor baino nor gehiago, ostiral honetan, Coliseum Alfonso Pérez zelaian, 20:15ean. Ligako lehen puntuen bila zelairatuko dira bi taldeak, lehen jardunaldian biek galdu baitzuten euren partida. Jose Luis Mendilibar Zaldibarko entrenatzailearen taldean hainbat baja garrantzitsu izango dira; Fabian Orellanarena, azkena. Izan ere, Pedro Leon eta Ivan Ramis oraindik ez daude jokatzeko moduan.
Ruben Peña ere zalantzan dago, orkatila minduta baitu, baina, halere, Madrilera joango da, eta azken unera arte ez da jakingo jokatzeko moduan dagoen.
Aurreko astean deialditik kanpo egon ziren Calavera eta Mar Cardona taldeekin joango dira Getafera, eta Galvez eta Riesgo etxean geratuko dira, Mendilibarrek erabakita.
Ustezko hamaikakoak
Getafe: David Soria; Damian Suarez, Djene, Cabrera, Antunes; Portillo, Arambarri, Maksimovic, Amath; Jorge Molina eta Angel.
Eibar: Dimitrovic; Jose Angel, Oliveira, Arbilla, Ruben Peña; Diop, Jordan, Escalante, Sergio Alvarez, Enrich eta Kike Garcia.
Epailea: Medié Jiménez
Futbol-zelaia: Coliseum Alfonso Pérez
Ordua: 20:15