1-0
Eibarrek porrota jaso du Espanyolen aurka, polemikarekin
Erredakzioa
Armaginek 1-0 galdu du RCDE Stadiumean. Hermosok sartu du neurketako gol bakarra, 68. minutuan. Goleko jokaldian, epaileak kornerra adierazi du Espanyolen alde, ateko sakea adierazi behar zuenean.
Eibarrek porrota jaso du Espanyolen aurka (1-0) RCDE Stadiumean jokatu duen Ligako 6. jardunaldiko partida. Neurketa parekatua izan da, eta Mario Hermosok sartutako gol batek erabaki du.
Erritmo biziarekin hasi da partida eta Eibarrek eman du lehen abisua, baina Bigasen errematea kanpora joan da. Ordutik aurrera Espanyol izan da baloiaren jabe, baina Kataluniako taldeari asko kosta zaio abagune argiak sortzea. Neurketako 10. minutuan izan du lehen aukera etxeko taldeak, baina Dmitrovic atezainak ondo gelditu du Darderren jaurtiketa indartsua. Eibarren erantzuna 30. minutuan etorri da, Cucurellak gora bidali duen jaurtiketa batekin. Atsedenaldira iritsi orduko, Orellanak gutxigatik huts egin du area barrutik egin duen jaurtiketa.
Bigarren zatiaren hasieran Eibarrek abagune ederra izan du, baina Diego Lopez atezainak erantzun bikaina eman dio Marc Cardonaren jaurtiketari, armaginen gola eragotzita. Espanyolen erantzuna azkar etorri da, kanpora joan den jaurtiketa batekin. Partidako 54. minutuan, Sergio Garcia area barruan sartu da, eta Bigasek baloia lapurtu dio errematea egitera joan denean. Parekotasuna izan da nagusi RCDE Stadiumeko berdegunean. Hala ere, 68. minutuan Mario Hermosok gola sartu du Espanyolentzat (1-0), korner baten ondorioz etorri den erdiraketa, buruz sare barrura bidalita. Jokalari armaginek protesta egin diote epaileari kornerra beharrean Eibarren aldeko ateko sakea dela esanez, baina gola balekotzat eman du.
Gola jaso ostean, Mendilibarrek zuzentzen duen taldea saiatu da berdinketaren bila jotzen, baina ezin izan du abagune askorik sortu. Azken minutuetan, Espanyoleko Borja Iglesiasek gola sartzeko aukera argia huts egin du. Luzapenean, penaltia eskatu du Eibarrek, Orellanak ez duelako asmatu errematea egiterakoan, baina ez da ezer egon. Azken jokaldian, Oliveirak gora bidali du errematea eta neurketa Eibarren porrotarekin amaitu da.
Fitxa teknikoa:
1 - RCD Espanyol: Diego Lopez; Rosales, Duarte, Hermoso, Didac; Melendo (Víctor Sanchez, 78. min), Roca, Darder; Baptistao (Hernan Perez, 71. min), Piatti eta Sergio Garcia (Borja Iglesias, 61. min).
0 - SD Eibar: Dmitrovic; Arbilla, Oliveira, Bigas, Cucurella; Sergio Alvarez (Sergi Enrich, 78. min), Jordan; De Blasis, Orellana, Pere Milla (Escalante, 60. min) eta Cardona (Charles, 64. min).
Gola: 1-0, 68. min: Mario Hermoso.
Epailea: Munuera Montero. Txartel horiak atera dizkie Sergio Garciari (25. min), Baptistaori (60. min) eta Bigasi (74. min).